Hemeroteka


Compartir
2011-04-07

Miren Agur Meabe eta Ainhoa Irazustabarrena IBBYko Ohorezko Zerrendan, Elena Odriozola Astrid Lindgren Sarirako hautagaia

Galtzagorri Elkartea OEPLIren (Organización Española para el Libro Infantil) baitan dago federatua. Hori dela eta Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkartea OEPLIren ordezkaria da Euskal Haur eta Gazte Literaturari dagokionean. Aldi berean, OEPLI IBBYren (International Board on Books for Young People) Espainiako Estatuko ordezkaria da. IBBY Nazioarte mailan garrantzitsuena den Haur eta Gazte Literaturako Erakundea da. Besteak beste, Andersen Sariak eta IBBY Ohorezko zerrenda Erakunde honen egitasmoak dira.

Honen ondorioz, Galtzagorrik IBBYko hainbat ekimenetarako eta antolatzen dituen hainbat sarietarako OEPLIk dituen erabaki-guneetan parte hartzen du. Horren emaitza da, esaterako, Elena Odriozola 2011. urteko Astrid Lindgren Sarietarako hautagai izatea. Berarekin batera, ClijCAT erakunde kataluniarrak Kataluniako bost herritan garatzen duen Municipi Lector proiektua aurkeztuko du OEPLIk.

 

IBBYko Ohorezko Zerrenda

 

IBBYren Ohorezko Zerrenda berriki argitaratu diren liburuen hautaketa bat da, non kalitate handiko Haur eta Gazte Liburuak biltzen diren. Bi urtean behin osatzen da eta IBBYren kide diren herrialdeetako idazle, ilustratzaile eta itzultzaileak nabarmentzen ditu. Zerrenda honetan sartzeak liburu hauen zabalpen eta ezagutza sustatzen du. Nazioarteko editoreek liburu hauen berri jasotzen dute zerrendaren bitartez eta honek atzerriko edizioen itzulpenen gorakada nabarmena ekarri ohi du.

2012. urteko IBBYko Ohorezko Zerrendan, Miren Agur Meaberen Mila magnolia lore eta Ainhoa Irazustabarrenak itzulitako Zein polita den Panama! liburuak sartuko dira.

 

Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literatura Elkarteak proposatutako lanak aukeratuak izan dira beraz munduan garrantzitsuena den Haur eta Gazte Literaturako Erakundea den IBBYk (International Board in books for young People) bi urtean behin osatzen duen Ohorezko Zerrendarako. Izan ere, OEPLI (Organización Española para el Libro Infantil) erakundeak du zerrenda horretarako Espainiako Estatutik hautagaiak aurkezteko ardura. Estatuan hizkuntza ofizial bat baino gehiago daudenez, IBBYk OEPLIri Zerrendako idazle eta itzultzaileen sailean launa lan aurkezteko eskubidea ematen dio: euskarazko, gailegozko, katalanezko eta espainolezko bana. Beraz, Galtzagorrik proposatutako hautagaiak zuzenean sartzen dira zerrenda horretan idazle eta itzultzaileen alorrean.

Honakoak dira, Espainiako Estatuko beste hizkuntzetako hautagaiak IBBYren 2012. urteko Ohorezko Zerrendarako:

 

2012ko Ohorezko Zerrendarako OEPLIk honako izenburuak aurkeztuko ditu:

-Idazleen alorrean:

Historia de un segundo, Jordi Sierra i Fabra. SM arg., 2010

L’enigma Altai, Miquel Rayó. Edebé arg., 2010

Chamádeme Simbad, Francisco Castro. Galaxia arg.

Mila magnolia lore, Miren Agur Meabe. Mensajero arg.2010.

-Itzultzaileen alorrean:

Tiempo de milagros, Ana Mª Navarretek itzulia. Edelvives arg.,2010

Huckelberry finn, Jordi Vila i Tubauk itzulia. La Galera arg., 2010

Kafka e a boneca viaxeira. Carmen Torresek itzulia.

Zein polita den Panama!, Ainhoa Irazustabarrenak itzulia. Kalandraka-Pamiela arg. 2010

 

Ilustratzaileen atalean berriz, lan bakarra proposa dezake OEPLIk. Kasu honetan, OEPLIren hautagaia Miguel Calatayud ilustratzailearen Kembo, incidente en la pista del circo Medrano izango delarik.

 

IBBYren azken Ohorezko Zerrendetan, Ruben Ruiz idazlea eta Xabier Olarra itzultzailea (2010ean) eta Patxi Zubizarreta idazlea eta Juan Mari Mendizabal itzultzailea (2008an) sartu ziren. Dena den, IBBYko Ohorezko Zerrenda guztiak kontsulta daitezke helbide honetan: http://www.ibby.org/index.php?id=270

 

Andersen Sariak eta beste sarietako hautagaiak

 

Hans Christian Andersen Sariak Haur Literaturako “Nobel Sari txikiak” bezala dira ezagunak eta bi urtean behin ematen dira 1956tik. OEPLIK du Espainiako Estatutik hautagaiak aurkezteko ardura: hautagai bat idazle atalean, beste bat ilustratzaile alorrean.

 

Andersen Sariak beraien obra osoarekin Haur eta Gazte Literaturari ekarpen garrantzitsua egin dioten idazle eta ilustratzaileei beren lanaren errekonozimendua eskaini nahi die. Ibilbide oso bat saritzen du beraz. 2012. urterako OEPLIk Agustin Fernandez Paz idazlea eta Javier Zabala ilustratzailearen hautagaitzak aurkeztuko ditu. OEPLIk bezala, IBBY osatzen duten munduko beste atalek beraien hautagaiak aurkeztuko dituzte Sarirako, eta ondoren, 2012. urteko Boloniako Azokan emango dira jakitera irabazleen izenak. Saria 2012. urtean Londresen egingo den IBBYko Nazioarteko Biltzarrean emango zaie.

 

Urte guzti hauetan, OEPLIk aurkeztutako hautagai bakarrak lortu du Andersen Saria. Hain zuzen ere, José María Sanchez Silvak, Marcelino Pan y Vino lanaren egileak, 1968an. OEPLIk idazleen atalean aurkeztu dituen hautagai euskaldun bakarrak Bernardo Atxaga (2000n) eta Mariasun Landa (2008an) izan dira. Ilustrazio atalean, Asun Balzolaren hautagaitza aurkeztu zuen bi aldiz 1988 eta 1992an.

 

Andersen Saria mundu mailan Haur eta Gazte Literaturan ematen den Sari garrantzitsuenetakoa da. Hala, Saria eskuratu duten idazleen artean daude, besteak beste, Christine Nöstlinger austriarra, Gianni Rodari italiarra edota Astrid Lindgren suediarra.

 

Bestalde, OEPLIk beste sari batzuetarako hautagaiak ere aurkezten ditu. Besteak beste, Haur Literaturako Ediciones SM Sari Iberoamerikarra eta Asahi-Reading Promotion saria. Lehenengorako, OEPLIk Agustin Fernandez Pazen hautagaitza proposatuko du 2011rako. Sari Iberoamerikarra 2005ean antolatu zen lehenengo aldiz eta Lationamerikan haur eta gazte literatura sustatzeko helburua du haur eta gazte literaturan idazten dutenen ibilbidea saritzearekin batera.

 

Asahi-Reading Promotion Saria berriz IBBYk antolatu zuen lehnengo aldiz 1986. urtean. Asahi Shimbun egunkari enpresak babesten du eta bi proiektu edo erakunde saritzen ditu irakurketaren eta liburuaren sustapenean egindako lana aitortzeko. OEPLIk, 2012. urterako, Llibre Obert elkarte katalana proposatzen du hautagai gisa. Elkarte honek mundu mailan egiten du lan, batez ere Afrika, Hegoamerika eta Asian. Eta bertan landutako ekimen batzuen bitartez, munduko komunitate ezberdinetako ipuinak bilduz liburuak argitaratzen dituzte. Liburu horien salmentengatik lortutako irabaziak komunitate horiei laguntzeko bideratzen dituztelarik.