Hemeroteka


Compartir
2018-09-14

Memoriaren marretan barrena lanean ari dira ilustratzaileak atzotik

Abiatu da Galtzagorri elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Zuzendaritzaren laguntzarekin egiten duen MarraziOak Ilustratzaileen Topaketen X. edizioa. Lehen saioko aurkezpen eta sarreren ondoren, Komikigunean gogor ari dira lanean. Atzo Tod Browning-en “Freaks” (1932) film klasikoaren pasea izan zuten goizez eta bakoitza bere liporelloa osatzen hasi zen arratsaldez. Gaur goizean, aurtengo edizioan parte hartzen ari diren 11 ilustratzaileek hiru ariketa egin behar izan dituzte, norberaren memoria interpretatuz ilustrazioaren bidez.

Hiru izan dira MarraziOak X-en parte hartzen ari diren ilustratzaileek gaur goizean egin dituzten ariketak:

  • Lehendabizi, etxetik ekarritako argazki-erretratu baten ilustrazio bidezko interpretazioa gauzatu dute.
  • Bigarren, euren memoriaren parte den objektu bat ekarri dute etxetik eta horren ilustrazio bidezko interpretazioa egin.
  • Eta azkenik, objektu horren irudikapen surrealista bat sortu dute.

 

Ia arnasik hartu gabe ari dira beraz lanean Unai Gonzalez, Ainara Altuna, Koldo Balenciaga, Andrea Costas, Gontzal Gutierrez, Ainara Azpiazu (Axpi), Usue Egia, Concetta Probanza, Anaitz Igoa, Leire Kareaga, Eneritz Ibarra eta Irati Merino, Ignasi Blanch ilustratzailearen eta Harkaitz Cano idazlearen gidaritzapean.

Ondoren, atzo ikusitako “Freaks” film klasikoaren amaiera alternatiboak ikusteari ekin diote. Film haren amaiera ezberdinak egin baitziren bere garaian. Amaiera ezberdin horiekin filma nola aldatzen den aztertuko dute.

Liporelloak arratsaldez

Bazkalostean, egunero, ilustratzaile bakoitzak bere liporelloa osatzen joan beharko du. Hala iragarri zieten atzo irakasleek parte hartzaileei. Orain bi urteko ilustratzaileen topaketetan "Errauskine"ren istorioak irudikatzeko erabili zuten formatu bera gauzatuko dute ilustratzaileek beraz. Liporello bana osatu beharko dute euren memoria intimoaren pasarte edo une bat irudikatuz. Arratsalderoko saioak eskainiko dizkiote zeregin horri.

Datorren asteartera arte (irailak 18ra arte) lan handia egin beharko dute aurtengo MarraziOak-en parte hartzen ari diren 11 ilustratzaileek. Urtero bezala, egun intentsoak baina emankorrak izango dira.