Hemeroteka

2021-01-07

Mediterraneoko erreskate ontzietan “Books on board” proiektu pilotua abiatu berri du Itailako IBBYk

Books on board (Liburuak ontzian) du izena IBBY Italiak eta Lampedusako IBBY Liburutegiak 2020ko urriaren 1ean abiatu zuten proiektu pilotuak. Proiektu honen mamia haurrentzako hitzik gabeko liburuen (liburu mutuen) bildumatxo eramangarriak prestatu eta Mediterraneoan dabiltzan erreskate ontzien esku jartzea da. Erreskate ontzi bakoitzak haurrentzako liburu mutuez osatutako maleta gorria, alfonbra tolesgarriak, marrazteko papera eta margoak izango ditu. Baita ontzi horietara iristen diren haur bakoitzarentzako ongietorri paketetxo bana ere.

 

Proiektu pilotuaren lehen fasea Mediterraneo itsasontzian lanean dabiltzan hiru GKErekin egiten ari dira: Sea Watch, Open Arms eta Mediterraneo. Arrakasta izanez gero, ideia hau larrialdi egoeretan dauden errefuxiatuei harrera egiten dieten beste itsasontzi, ospitale eta gune batzuetan errepika daitekeela uste du Itailako IBBYk.

 

 

Liburuak erreskate-misio ontzi horietan sartzearekin IBBYk zera du xede: itsasoan galdutako haur errefuxiatuei ontzietan lehen aldiz harrera egiten dietenean, ontasuna eta duintasuna eta, beraz, gizatasuna handitzea. Eta horrela, ontzian salbu egonda ere, haur horiekin sarritan bidaiatzen duten beldurra eta izua arintzea lortu nahi luke Italiako IBBYk.

 

Silent books egitasmoa osatzen

Books on board egitasmoa hornitzeko, IBBY Italiak munduko beste IBBYko atalei liburuen eskaera egin die. Proiektu pilotu hau IBBY Italiak 2012an Lampedusako irlan abiatu zuen Silent Books egitasmo ezaguna osatzera dator. Izan ere, Lampedusa Ekialde Hurbiletik eta Afrikatik Europara emigratzen duten milaka pertsonen sarbideetako bat da, eta migratzaile horietako asko haurrak dira. IBBYren Italiako atalak, haur haiei guztiei liburu bana eskuetan izateko eskubidea bermatze aldera, liburu mutuak ardatz dituen egitasmo bat martxan jarri zuen.

Egitasmoak hiru ardatz ditu. Bat Lampedusan Liburutegi bat sortzea izan da, eta trabak traba 2017ko irailean inauguratu zuten. Eta inauguratu bazuten, hainbat boluntarioren lanari eta ekimenari esker izan zen.

Liburutegiaz gain, egitasmoak hartzen duen beste proiektua album mutuez osatutako erakusketa ibiltaria da, Italiako hainbat hiritan erakusten dena. Silent books. Final Destination Lampedusa (Lampedusa jomugan) izeneko nazioarteko erakusketa honek laugarren edizioa egin zuen 2019an. Munduko IBBYko atal guztiek dute aukera erakusketa honetan parte hartuko duten izenburuak proposatzeko. Hitzik gabe, irudiak bakarrik erabiltzen dituzten liburuek osatzen dute erakusketa. Galtzagorri elkarteak gurean kaleratutako liburuak proposatzen ditu erakusketaren katalogorako. 2019an, Galtzagorrik proposatutako Lorena Martinezen “A” (Denonartean, 2018) liburua sartu zen zerrenda horretan.

Azkenik, erakusketa ibiltaria osatzen duten liburuen ale bana Erroman dagoen Hitzik gabeko liburuen Dokumentazio eta Ikerketa Zentrora ere bideratzen da. Books on board egitasmo pilotua, proiektu oso honen beste ildo bat izango da.