Hemeroteka

2021-09-24

Maskulinitatearen errepresentazioan arakatuko dute hamaika ilustratzailek astelehenetik MarraziOak-en

Datorren astelehenean, irailak 27, abiatuko da Galtzagorri elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Kultura eta Kirol Ministerioaren babesarekin, antolatu ohi duen 13. MarraziOak ilustratzaileei zuzendutako tailerra. Bye bye, gizontxo! Tipoak, estereotipoak eta arketipoak goiburupean, urriaren 1era arte gauzatuko da tailerra Donostiako Igeldoko Undermount elkartean. Harkaitz Cano idazleak eta Ignasi Blanch ilustratzaileak gidatuko dituzte aurtengo ilustratzaileen topaketak. Hamaika ilustratzaile izan dira hautatuak bertan parte hartzeko. Goiz eta arratsaldez, gizonezko pertsonaien errepresentazioaren moldeez eta zergatiez hausnartuko dute aurtengo edizioan.

 

Duela zenbait urte, emakumezkoaren errepresentazioan oinarritutako ikastaroa eskaini zuten MarraziOak jardunaldien baitan Ignasi Blanch marrazkilariak eta Harkaitz Cano idazleak. 2016. urtea zen, MarraziOak-en VIII. edizioa. Orduko hartan, “…Eta errauskine bere errautsetatik berpiztu zen” izenburupean, Artearen historian egin den emakumearen errepresentazioari buruz hausnartu zuten. Ordura arte egindakoari so, emakumezko pertsonaiek zeramaten zama kentzen eta estereotipoetatik urrun emakumearen errepresentazio berriak eraikitzen saiatu ziren.  

 

Bost urte beranduago, 2021ean, B aldea proposatu eta estereotipoez haratago doan gizonezko berri baten marrazketari buruz modu kritiko batean hausnartuko dute aurtengo MarraziOaken parte hartuko duten ilustratzaileek: Binarismoaren tranpetatik ihes egin eta alfa maskulinitate zaharkituari muzin eginez, nola marrazten da egun gizonezkoa? Aldatu da batere duela hamarkada batzuetatik hona? Zeintzu dira mutiltasun berriaren ezaugarriak? 

 

Ekintzaz eta ogibideaz desjabeturik, zein litzateke maskulinitatearen egiazko nortasuna eta keinua? Gizonezkoek mendeak daramatzate emakumezkoen era guztietako biluziak margotzen, zer gertatzen da, ordea, emakumezkoek gizonezkoen gorputzak esplizituki margotzean? Berbera da batzuen eta besteen kasuan baimentzen den askatasuna eta gordintasun maila?   

 

Gizonezko pertsonaien errepresentazioaren moldeez eta zergatiez hausnartzeko, ilustrazioaren, literaturaren, artearen eta zinearen munduko hainbat adibide ekarriko dituzte gogora irakasleek aurtengo MarraziOak jardunaldietara. Hala, maskulinitatearen tipoak, estereotipoak eta arketipoak ikertuko dituzte eta, maskulinitate zaharkitu horri muin eginez, mutiltasunaren errepresentaziorako formula berriak topatzen ahaleginduko dira. 

 

Horretarako, honako ilustratzaileak izan dira hautatuak: Iñaki Martiarena “Mattin”, Maite Rosende, Asier Iturralde, Noelia Sierra, Helena Azkarragaurizar, Iban Illarramendi, Koro Lizarreta, Begoña Durruty, Sandra Garayoa, Andrea Costas eta Ana Ibañez.

 

Ordutegi jarraitua izango du tailerrak, 10:00etatik 18:00etara, astelehenean hasi eta ostiraleraino –bazkaltzeko ordubeteko tartea hartuko dute–. MarraziOak tailerraren XIII. ekitaldia izango da aurtengoa. Ilustratzaileei zuzendutako egitasmoa da eta Galtzagorri Elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin eta Kultura eta Kirol Ministerioaren laguntzarekin antolatzen du urtero.