Hemeroteka

2022-09-19

Martxan da Booktuberboom Lehiaketaren VI. edizioa: Booktuberboom_+

Adi! Aurten ere EAEko gazteen artean liburuen euskal “influencer-a” topatu nahi da! Horrexegatik zabalik dago jada booktubeak bidaltzeko epea. Lehiaketara lanak azaroaren 25a arte aurkez daitezke eta parte hartzeko oinarriak Booktuberboom blogean izango dira eskuragarri. Aurten, gainera, berrikuntzaz betea dator lehiaketa.

Hona hemen Sutan Bang kolektiboak sortutako spota!

 

Book (liburua) eta tube (Youtube) lotzen dituen bideoa da booktube-a. Hau da, Youtube plataforman zintzilikatzen den liburu bati buruzko kritika edo iruzkina da, liburu baten irakurketa gomendatzeko norberak bere buruari egindako bideo-grabazioa.

Booktuberboom egitasmoak booktube lehiaketa eta booktuber kedadak hartzen ditu. Hau da, gazteek bideo-grabazio bat bidaliz lehiatzen badute ere, egitasmoan booktuber kedadak egiten dira. Kedada hauek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gaztelekuetan zein liburutegietan egingo dira. Irailetik azarora bitartean bost kedada egingo dituzte guztira EAEko liburutegi ezberdinetan. Era berean, jada bi urte dira Booktuberboom Youtube saioa abiatu genuela (booktuber kedada birtualak). Youtuben ikusgai dauden saioetan liburuak izan genituen mintzagai, elkarrizketa eta erronka ezberdinetan.

Helburua 14 eta 18 urte bitarteko gazteen irakurzaletasuna hauspotzea da. Nola? Ikus-entzunezko euskarriak baliatuta. Bide batez, euskal booktuber plataforma bat sortzea da helburua. Dagoeneko egitasmoa euskal booktuber komunitatearen lehen hazia landatzen ari da.

Aurreko urteko Booktuberboom Lehiaketan Andere Garabietak eta Nikole Arandok eskuratu zuten Epaimahaiaren saria, "Tinta-bihotz" (Cornelia Funke) liburuari esker lehenak eta "Mila gau eta bat gehiago" (Patxi Zubizarreta) liburuari buruzko booktubeari esker bigarrenak. Publikoaren saria, azkenik, Andere Garabietak irabazi zuen 414 “gustoko dut” jasota.

Azkenik, aurtengo edizioko berrikuntzak aipatzea dagokigu. Izan ere, azken urteetan lehiaketa Booktuberboom_+ bilakatu zaigu eta sare sozial berriak txertatu ditugu egitasmoan. Honela Bookstagram eta Booktoker lehiaketa ere zabaldu dugu. Instagram eta TikToken ere gero eta ezagunagoa bilakatzen ari da liburuak gomendatu eta partekatzeko ohitura. Beraz, Booktuberboom lehiaketan Youtubera bideo bat igo duen parte hartzaile orok aukera izango du Instagram edo TikToken ere liburu horrekin publikazio bat igo eta lehiaketan parte hartzen jarraitzeko.

Hau egiteko pausuak eta sariak Booktuberboom_+ blogean daude ikusgai.

Sari potoloak daude jokoan: kamera, GoProa, grabaziorako materiala, abentura txangoak, liburuak... Izan zaitez liburuen hurrengo euskal influencer-a!