Hemeroteka

2020-09-24

Martxan da Booktuberboom lehiaketaren IV. edizioa!

Erronka zalea zara eta 14tik 18ra urte bitarteko adina duzu? You Tuben kuxkuxean ibiltzen zaren horietakoa zara eta liburu bat irakurri berri duzu? Tira, eta zergatik ez zara booktuber bilaktzen? Hauxe da zure aukera, lagun!

Martxan da Booktuberboom Lehiaketaren IV. edizioa! Book (liburua) eta tube (Youtube) lotzen dituen bideoa da booktube-a. Hau da, Youtube plataforman zintzilikatzen den liburu bati buruzko kritika edo iruzkina da, liburu baten irakurketa gomendatzeko norberak bere buruari egindako bideo-grabazioa. Bada, aurten ere, Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuak eta Galtzagorri elkarteak elkarlanean, euskal booktuber berriak topatzeko eta liburuak sarean eta gazteen artean zabaltzeko egitasmoa abiarazi dute. Helburua 14 eta 18 urte bitarteko gazteen irakurzaletasuna hauspotzea da. Nola? Ikus-entzunezko euskarriak baliatuta. Bide batez, euskal booktuber plataforma bat sortzea dute helburu. Dagoeneko egitasmoa euskal booktuber komunitatearen lehen hazia landatzen ari da. Iazko edizioan 50 booktubetik gora jaso ziren.

Esan bezala, aurtengo edizioa sorpresa berriz beteta dator: Pertsonaia ezagunen booktubeak, formatu berriko kedadak, spot bereziak eta nola ez, sari potoloak!  

EPAIMAHAIAREN SARI NAGUSIA: Booktuber lanetan jarraitu ahal izateko materiala (Kamera, mikrofonoa eta tripodea) eta liburu eta disketan gastatzeko 200€ko bonoa.

EPAIMAHAIAREN BIGARREN SARIA: GoPro kamera eta liburu eta disketan gastatzeko 100€ko bonoa.

PUBLIKOAREN SARIA: Bi lagunentzako abentura txangoa. (Booktubea publiko egitea erabakitzen dutenentzat soilik)

Jarraitu adi! Laster emango baitugu kedada eraberrituen berri. Kedada hauetan gazteek booktube-ak zer diren eta nola egin ikasiko dituzte. Honela, lehiaketan primerako booktuberrak izateko klabeak eskuratuko dituzte.

Lehiaketara lanak azaroaren 25era arte aurkez daitezke. Parte hartzeko oinarriak blog honetan izango dira eskuragarri.

Eman "like" eta harpidetu lehiaketa honetan!!!