Hemeroteka


Compartir
2014-09-07

Marraz(i)Oak topaketak irailaren 8tik 12ra

Irailaren 8tik 12ra egingo dira aurten Marraz(i)Oak topaketak Artelekuren egoitza berrian, Donostiako Santa Teresa komentuan. Gustavo Puerta literatur adituak eta Elena Odriozola ilustratzaileak gidatuko dituzte topaketa hauek "Aldare profanoak" goiburu hartuta. Aldareen begirada desideologizatua lantzeko aukera sortu nahi dute bi adituek topaketa hauetan. Jolaserako, hausnarketarako, sormen pertsonalerako eta elkarlanean sortzeko lekua izan nahi du Marraz(i)Oen edizio honek.

Bertan tradiziozko hizkuntzarekin esperimentatzeko beharra aldarrikatuko dute Puertak eta Odriozolak.

Guztira 13 ilustratzailek hartuko dute parte, 11 emakume eta bi gizonek: Begoña Durruty, Nagore Txintxurreta, Eider Motxobe, Unai Fernandez, Lurdes Iraola, Marta Elia Aldabe, Yolanda Mosquera, Ainara Azpiazu "Axpi", Josune Urrutia, Maite Caballero, Iñaki Martiarena "Mattin", Amaia Arrazola eta Yera Sanchez.

Metodologia

Tailerraren lehen saioetan, errepresentatibotasun grafikoen hausnarketa eta imitazioetan zentratuko dira parte hartzaileak. Eskapulario eta zingarriekin hasiko dira, sinboloaren gaian sartzen hasteko, eta gure ondare ikonografikoan murgilduko dira, baita haren zentzu psikologikoan ere.

Ondoren jatorri erlijiosoa duten eredu narratiboak landuko dituzte, hala nola, Errusiako estanpa herrikoiak (lubki) eta ex-votoak, hauen estrukturak eta gaiak aztertu ondoren, hortik aurrera euren istorio propioak sortzeko.

Norberak bere hausnarketarekin jarraituko du santoral bat sortuz, eta honetan irakasleek aukeratuko dute pertsona, animalia edo mirespena jasoko duen hori. Beharrezko santifikazioa egin ondoren bere bizitza eta mirariak narratzera pasako dira.