“Herensugeak eta dragoiak. Beldurretik jolasera” goiburupean egingo dute Maite Gurrutxaga ilustratzaileak eta Juan Kruz Igerabide idazleak aurtengo ilustratzaileei zuzendutako MARRAZIOAK tailerra. Ekainaren 9tik 13ra bitartean izango da, Donostiako Igeldoko Undermount elkartean. Izena emateko azken eguna maiatzaren 13a da. Hamar ilustratzaileri emango zaie parte hartzeko aukera. 35 orduko tailerra doan egin ahalko dute.
Izen-ematea egiteko ilustratzaile bakoitzak bere dosierra edo bere 10 irudiz osatutako lagina aurkeztu beharko du, bere estiloa, estetika eta ildoak irudikatzen dituztenak. Horrez gain, ohiko dokumentuak atxiki beharko dituzte –CV, NANaren kopia bat, posta elektronikoa eta telefono zenbaki bat–. Dokumentazioa wetransfer bidez bidali beharko du honako helbidera: administrazioa@ibbygaltzagorri.eus. Maiatzaren 19ko astean jakinaraziko zaie aukeratuei.
Ordutegi jarraitua izango du tailerrak, 10:00etatik 18:00etara, astelehenean hasi eta ostiraleraino –bazkaltzeko ordubeteko tartea hartuko dute–. MARRAZIOAK tailerraren XVII. ekitaldia izango da aurtengoa. Ilustratzaileei zuzendutako egitasmoa da eta Galtzagorri elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin antolatzen du.
Irakasleak
MARRAZIOAK tailerrean gidari-bikotea aldatu egiten da urtero eta aurtengoan Elena Odriozolaren eta Gustavo Puertaren txanda zen, baina ezinezkoa izan zaie aurten tailerra eskaintzea, beraz, Gurrutxaga eta Igerabidek gidatuko dute, punta-puntako profesionalak biak. Ondo bidean, datorren urtean Odriozolak eta Puertak eskainiko dute tailerra.