Hemeroteka


Compartir
2010-09-05

Marraz(i)Oak II Topaketetan parte hartzeko deialdia zabalik

"Autoedizio Topaketak Artelekun. Ipuin tradizionalen tolesak: marrazkia, gidoia eta edizio domestikoa" lemapean egingo da azaroaren 4 eta 5ean Marraz(i)Oaken bigarren edizioa aurten. Iaz ilustratzaile berrien topaketek nolako arrakasta izan zuen ikusirik Galtzagorri Elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin jarraipena ematea pentsatu du.

 

Oraingoan idazleak eta ilustratzaileak jarriko ditu elkarlanean. Izan ere, bost idazlek eta bost ilustratzailek hartuko dute parte gehienez ekimenean. Hauek bi egunetako formazioa eta ondoren bertan hasitako lanarekin amaitzeko laguntza doan jasoko dute.

 

Topaketetako lehenengo egunean autoedizioa landuko dute irakasleekin. Eta hortik aurrera bikote bakoitzak bere lana bideratuko du. Izan ere, helburua da bikote bakoitzak euskal ipuin tradizional baten berrikuspena egitea. Hau da, irakasleek bikote bakoitzari zein ipuin landu behar duten esan beharko diote eta zein iripide jarraituz landu. Ondoren, bikote horretako idazleak ipuin tradizional horren bertsio berria idatziko du beti ere ilustratzailearen ilustrazioak eta elkarlana baliatuz.

 

Lana beraz, aukeratuak izan direla jakin bezain pronto hasi beharko du bikote bakoitzak. Orduan adieraziko baitzaie baita ere zein ipuin landu behar duten.

 

Parte hartzeko baldintzak

Bikoteka nahiz bakarka aurkez daitezke ilustratzaile zein idazleak. Baina bakarka aurkezten direnei irakaleek eurek bikote-kide bat aukeratuko diote. Bikote bakoitzeko kide batek behintzat Euskal Herrikoa izan behar du eta batek behintzat Galtzagorriko bazkide izan behar du.

Bazkide diren ilustratzaile zein idazleek gutxienez 3 lan izan beharko dituzte argitaratuak Marraz(i)Oak-en parte hartzeko. Galtzagorriko bazkide ez direnek, aldiz, gutxienez 5 lan. Euskal Irudigileen Elkarte Profesionaleko kide izatea ere kontuan hartuko da.

 

 

Dokumentazioa

Parte hartu nahi dutenek curriculuma, NANren kopia, posta elektronikoa eta telefono zenbakia igorri beharko dituzte Galtzagorrira. Horrez gain, ilustratzaileen kasuan, 6 ilustrazio (publikatuak edo ez) eta idazleen kasuan 3 ipuin (publikatuak edo ez) aurkeztu beharko dituzte. Dokumentazio guzti horren hiruna kopia igorri behar dituzte CD formatuan 2010eko irailaren 4a baino lehen Galtzagorri elkarteko helbidera: Zemoria 25, behea, 20.013 Donostia.

Irailaren 24rako jakinaraziko zaie idazle eta ilustratzaileei Marraz(i)Oak-en bigarren edizioan parte hartuko duten edo ez, eta erantzuna baiezkoa bada, zein ipuin landu behar duten ere bai.

Informazio zabalagoa duzue hemen atxikitako deialdian.