Hemeroteka


Compartir
2024-01-18

Mariasun Landak jasoko du 2023ko Emakunde Saria

Mariasun Landa idazleak jasoko du 2023. urteari dagokion Berdintasunerako Emakunde Saria. Zorionak Mariasun!

Saria otsailaren 6an emango diote, Lehendakaritzan, Gasteizen. Sariaren iragarpena egin zutenean Eusko Jaurlaritzako  Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosak azpimarratu zuen Landak haur eta gazte literaturaren bitartez berdintasunaren alde egindako lana: “Haur eta gazteei zuzendutako bere literatur lan zabala, zeinetan sexismoaren aurkako borroka eta nesken eta emakumeen ahalduntzea kezka nagusi diren”.

Mariasun Landak berdintasunari eta neskato, nerabe eta emakumeen duintasunari egindako ekarpen sortzailea izan da epaimahaiak aho batez erabakitako epaian nabarmendutako argudioetako bat. Landaren hautagaitza REDAGI Gipuzkoako Emakume Elkarteen Federazioak bermatu zuen, eta, sailburuak gogoratu zuenez, “sariak jasotzen dituen irizpide guztiak biltzen ditu, hala nola sarituak berdintasunaren alde egiten duen ibilbidea, garrantzia, oihartzuna eta eragina”.

Mariasun Landa idazlea beste hizkuntza batzuetara gehien itzulitako egileetako bat da eta hainbat sari garrantzitsu jaso ditu, tartean Hans Christian Andersen sari entzutetsua zeina Nobelaren parekoa den haur eta gazte literaturaren eremuan. Landaren literatur ekoizpenak feminismoa eta euskara biltzen ditu, eta, horrez gain, sozializazio-prozesuan eta nortasun-eraikuntzan dagoen publiko gazte bati zuzentzen zaio.

Sailburuak, saria iragarri zutenean, epaimahaiaren hitzak aipatu zituen, Landak neskato eta nerabeen pertsonaia "erabakigarri eta autonomoak, sentiberak baina erabakigarriak" eraikitzeko duen gaitasuna goraipatzeko. Melgosak gogorarazi zuen saila eta Emakunde ahalegin handia egiten ari direla gazteriarengana iristeko, eta fikzioa "elementu eraginkorra dela neskei eta mutilei berdintasunarekin lotutako hausnarketak hurbiltzeko".

Berdintasunaren aldeko Emakunde Sariaren epaimahaiak Landaren militantzia feminista aktiboa nabarmendu zuen bidenabar, 80ko hamarkadaz geroztik Donostiako Emakumeen Asanbladan, eta EHUko Literaturaren Didaktikako irakasle titular gisa egindako irakasle lana. Horri guztiari dibulgazio-jarduera zabala gehitu behar zaio, egungo feminismoaren historian eta genealogian funtsezkoak diren beste emakume batzuen lanari buruzko artikulu, ikastaro eta hitzaldien bidez.

Mariasun Landaren lan oparoak hainbat literatur sari jaso ditu: Euskarazko Haur Literaturako Lizardi Saria, 1982an; Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria, 1991n; eta Haur eta Gazte Literaturako Sari Nazionala, 2003an. 2014an, Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien Saria jaso zuen, eta 2016an, Rosalía de Castro Saria. Landa, gainera, Jakiundeko (Zientzia, Arte eta Letren Akademia) kidea da.

Miren Elgarrestak adierazi zuenez, emandako Emakunde Sari honen bidez “epaimahaiak errekonozimendua zabaldu nahi die fikziozko munduetatik bestelako mundu bat, berdinzalegoa, irudikatzeko aukera eskaintzen duten sortzaileei, beren sormen prozesua ikuspegi feminista duen eraldaketa sozialerako gune bihurtzen dutelako”.

Zorionak berriro ere, Mariasun! Oso harro gaude zutaz!

*Albistea ilustratzeko Concetta Probanzak Gonagorri podcasterako egindako ilustrazioa erabili dugu. Bide batez, hemen duzue Mariasun landarekin egin genuen Gonagorria.