Hemeroteka


Compartir
2011-11-15

Mariasun Landak jaso du 2011ko "dabilen elea" saria

Aurtengo Liburuaren Gaua Mariasun Landak literaturgintzan egindako ibilbidea saritu, gogoratu eta omentzeko ekitaldi bihurtu da. Izan ere, Landarentzat izan da 2011ko dabilen elea saria.  

Ekitaldi bero eta hunkigarria izan da 2011ko Liburuaren Gaua. Joxean Goikoetxearen musika, Mariasun Landaren ipuinetako pasarteak eta ilustrazioak... Literaturgintzan Landak egin duen ibilbide oparoa gogoratu eta saritu nahi izan da aurten. Izan ere, berritzailea izan da Mariasun Landa haur eta gazte literaturaren arloan; oparoa liburuak idazten; hizkuntza askotara itzulia; jende askok irakurria; sari askoren irabazlea eta beste zenbaiten hautagaia; irakurzaletasunaren sustatzaile nekaezina…

Hori dela eta, Euskal liburugintzaren inguruko bost elkartek, Euskal Editoreen Elkartea (EEE), Euskal Idazleen Elkartea (EIE), Euskal Irudigileen Elkarte Profesionala (APIE-EIEP), Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea (EIZIE) eta Galtzagorri Haur eta Gazte Literaturaren Elkarteak berari eman diote 2011ko dabilen elea saria. 

Juan Azpeitiak diseinaturiko oroigarria iazko saridunaren eskutik jaso du Mariasun Landak, eta, besteak beste, Arantxa Urretabizkaia idazleak, Iñaki Aldekoa editoreak eta Antton Olariaga ilustratzaileak hartu dute parte bere ibilbide oparoaren erakusgarri izan den ekitaldian.

Mariasun Landa (Errenteria 1949)

1973an Filosofian lizentziatu zen Parisen, eta zenbait urtez Oinarrizko Heziketan eta IRALEko irakasle jardun zuen. Egun, Literaturaren Didaktikako irakaslea da Donostiako Unibertsitate Irakasle-Eskolan (Euskal Herriko Unibertsitatea).

Euskal Herriko hainbat aldizkari eta egunkaritan kolaborazio-lanak egin baditu ere, Haur eta Gazte Literaturan dauzkagu bere emaririk nagusienak; dagoeneko, alor horretan, 24 titulu argitaratu ditu, eta horietatik asko itzuli dira Espainiako (katalana, galiziera, gaztelania) nahiz atzerriko hizkuntzatara (ingelesera, frantsesera, grekerara...).

Jasotako sarien artean, honakook nabarmendu nahi genituzke: “Lizardi Saria” 1982an Txan Fantasma ipuinarengatik eta Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria Alex ipuinarengatik 1991n. “A.M. Labaien Narrazio Saria” ere eskuratu du Krokodiloa ohe azpian narrazioarekin 2002an. Espainiako Kultura Ministerioaren Haur eta Gazte Literaturako Sari Nazionala 2003an, Un cocodrilo bajo la cama liburuarekin.

Jakiunde-Euskal Herriko Zientzia, Arte eta Letren Akademiako kide da. Iholdi eta Un cocodrilo bajo la cama lanak IBBYren ohorezko zerrendan izan ziren 1992an eta 2006an, hurrenez hurren, eta Elefante corazón de pájaro Zozo Zurien (White Raven) zerrendarako aukeratu zuten 2001ean. Municheko Haur eta Gazte Liburuaren Nazioarteko Liburutegi ospetsuak egin ohi du zerrenda hori.

Aipagarria da Iholdi ipuina 1992an IBBYko Ohorezko Zerrendan sartu zela azpimarratzea eta Elefante txori-bihotza liburua 2001 eko Municheko Nazioarteko Haur eta Gazte Liburutegi famatuaren White Raven (Zozo zuria) zerrendan dagoela agertu berri dela. 2004. urtean, Donostiako Udalak emandako Hiritar Merezimenduzko Domina eta Errenteria Hiriko Domina lortu zituen.

Duela gutxi nobela autobiografikoa argitaratu du, La fiesta en la habitación de al lado (Erein 2007) izenburukoa. 2008ko Andersen Nazioarteko Saria irabazteko hautagaia izan da. OEPLIk (Organización Española para El Libro Infantil) hautagai izendatu zuen IBBY-k ematen duen 2008.ko Andersen Sarirako (Haur eta Gazte Literaturako Nobel Saria)

Informazio gehiago: http://mariasunlanda.net