Hemeroteka


Compartir
2012-04-10

Maria Teresa Andruetto eta Peter Sizentzat Andersen Saria

Aste honetan eman dituzte jakitera Hans Christian Andersen Sarien irabazleen izenak. Maria Teresa Andruetto idazle argentinarrarentzat izango da egileei zuzendutako aurtengo saria. Ilustratzaileen saria, berriz, Peter Siz txekiarrak jasoko du.

Haur eta Gazte Literaturako saririk garrantzitsuenak dira Hans Christian Andersen Sariak. Aurten, epaimahaiak Andruetto saritu du bere lanen sentiberatasuna, sakontasuna eta poetikotasunagatik. Peter Siz ilustratzailea saritzerakoan bere lanen originaltasuna, sortzeko indarra, eta teknika artistikoak eta diseinua baloratu ditu.

Sari banaketa ekitaldia abuztuaren 25ean egingo da IBBYren Nazioarteko Biltzarrean, Londonen (Erresuma Batua).

Honen berri, Nazioarteko Haur Liburuaren Boloniako Azokan eman dute. Bertan, Asahi Sarien irabazlea ere jakinarazi dute. Aurten irakurzaletasuna sustatzeko lanean dihardutenei ematen zaien saria bi erakundek jaso dute: Argentinako Mempo Giardinelli Fundazioak "Abuelas cuentacuentos" egitasmoagatik, eta Kambodiako Sipar elkarteak herrialde osoan liburutegiak antolatzen egiten duen lanagatik.

Bestalde, Suediako Arte Kontseiluak ematen duen Astrid Lindgren Saria Herbeheretako Guus Kuijer idazlearentzat izan da aurten. Haur eta Gazte Literatura sustatzeko helburuarekin antolatzen da Sari hau eta mundu mailan garrantzitsuenetakoa da.