Hemeroteka


Compartir
2008-06-20

Mando liburuzaina Tolosatik Kolonbiara

Bigarren eskuko liburuak, CDak, VHSak eta DVDak biltzen ari dira Tolosan maiatzaren 19tik. Eta ekainaren 20ra arte denbora dago materialak emateko. Biltzen den guztiarekin stand-a paratuko dute ekainaren 21ean, San Joanetako azokan, hain zuzen.

Egitasmo honekin Kolonbiako "El porvenir" izeneko komunitatean Mando Liburuzaina proiektua abian jartzeko dirua lortu nahi dute. Mando Liburuzaina nekazari guneetan ibiliko den liburutegi mugikorra da. Beraz, lortzen den dirua honako beharrizanak estaltzera bideratuko da: mandoa eta alforjak eskuratzera, kultur hezitzailearen soldatarako dirua lortzera, liburuak  eta ikas-materiala erostera.

Kolonbian horren antzerako hainbat proiektu daude abian. Bertako komunitateen egoera sozioekonomikoa eta ezaugarri geografiko eta demografikoak kontuan hartuz, hainbat gunetan liburutegi zerbitzu gutxieneko bat izan dezaten bermatzea dute helburu. Hain zuzen, iaz Claudia Rodriguez Kolonbiako Irakurzaletasuna Sustatzeko Fundalectura Erakundeko kidea izan genuen EAEn. Bilboko Euskaldunan, Galtzagorri eta Eusko Jaurlaritzaren elkarlanaren frutituz eman zuen hitzaldian, honen antzerako egitasmoak aipatu zituen Rodriguezek. Horien artean, "Morrales de lectura" (Irakurketa Zorroak), "Cajas viajeras" (Kutxa bidaiariak) edota "Paraderos Paralibros Paraparques" (Parkeetan ipintzen diren eta liburutegi gisa funtzionatzen duten bus geltokien antzekoak dira hauek). Irakurketa sustatzeko bideak hamaika baitira, beti ere tokian tokiko ezaugarrien arabera.

Tolosako materialerako jasoketa puntuak

Tolosako proiektu proiektu zabalago baten baitan dago. Fundación Vital izeneko Irabazi Asmorik Gabeko Erakundearen babesean, Mando Liburuzaina bezalako hainbat proiektu garatzen dira Kolonbian. Tolosakoak  Ginebrako herrian dagoen Cauca haraneko "El porvenir" izeneko komunitate elkartea du helburu. Beraz, egitasmo honi laguntzeko, bigarren eskuko azokarako materiala eman nahi duenak bi puntu hauetara bideratu behar du:

Tolosako Haur Liburutegia, 17:00etatik-20:00etara, Andre Maria Plaza, 5, 20400 Tolosa. Kontaktuko pertsona Susana Larre da, liburuzaina. Telf: 943697461. slarre@tolosakoudala.net

Samaniego Ikastetxea, 9:00etatik- 14:30etara, Santa Lutzia Auzoa 14, 20400 Tolosa. Kontaktuko pertsona: Silvia Mateo irakaslea da. Telefonoa: 943651063. 012244aa@hezkuntza.net