Hemeroteka

2024-06-26

'Mamuki' albumarekin irabazi dute Maite Rosendek eta Nerea Ariznabarretak Etxepare saria

Maite Rosende ilustratzaileak eta Nerea Ariznabarreta idazleak irabazi dute aurtengo Etxepare album ilustratuaren saria. Saria Nefarroako 23 tokiko entitatek ematen dute Nafarroako Gobernuaren, Galtzagorri elkartearen eta Pamiela argitaletxearen babesarekin. Mamuki albumarekin irabazi dute Rosendek eta Ariznabarretak. Bikotea Galtzagorrik antolatzen duen Bikoteka tailerrean elkartu eta han abiatu zuten proiektua. Guztira, 31 lan aurkeztu dira aurtengo ediziora eta epaimahaia Miren Asiain ilustratzaileak, Idoia Sobrino liburuzainak eta Patxi Zubizarreta idazleak osatu dute.

Mamuki beldurrari buruzko album umoretsua da. Gau Beltza da, eta mamuek sustoak eman behar dituzte, ingurumarian ikara eragin beharra daukate. Baina mamu txikia gaixorik dago eta hainbat pertsonaia beldurgarri saiatuko dira hura osatu dadin: banpiroa, zonbia… edo geureago ditugun Zakuzahar edo Otsoko, baina alfer-alferrik. Gaixoa! Zer egingo du Mamukik Gau Beltza ospatu ezinik…? Etxeko agertoki minimalistan txakur jolastia ere saiatuko da Mamuki sendatzen, baina orduak joan, orduak etorri, munstroak joan, munstroak etorri, ez da konponbiderik inondik ere agertuko. Edo bai…

Narrazioa paralelismoetan eta hitz jokoetan eraikia dago, erritmoa eta errimak erabiltzen ditu eta haurrei oso gertukoa egingo zaiela iritzi du epaimahaiak, «barrea eraginen du ustez beldurra nagusi den kontakizunean». Erritmoa eta errima horiexek dira, hain zuzen, ilustrazioen ezaugarriak; benetan dira samurrak eta maitagarriak, dibertigarriak eta ganberroak. «Horregatik da bikaina Mamuki albuma, testuaren eta ilustrazioaren arteko uztarketa aparta delako, biek ere soilak eta sotilak diruditen arren». 

Mamuki albuma Pamiela etxeak argitaratuko du udazkenean eta irabazleek 5.000 euroko saria jasoko dute.

Bi hitz irabazleei buruz

Maite Rosende ilustratzailea 1991ean jaio zen Donostian eta txikia zenetik pinturez inguratuta bizi izan da. Batxiler Artistikoa ikasi zuen eta amaitzean Bartzelonara joan zen pintura muraleko goi-mailako gradu bat egitera. Ilustrazioa ikasi ondoren, Bartzelonako etapa amaitutzat eman zuen. Hainbat diziplina artistikotan trebatzen jarraitu zuen, baita diseinu grafikoan, argazkigintzan eta bideo-edizioan ere. Gaur egun freelance gisa egiten du lan ikus-entzunezko piezen, kartelen eta ilustrazioen enkarguak eginez, bere lan pertsonalak albo batera utzi gabe betiere.

Nerea Ariznabarreta Izkue idazlea Eibarren jaio zen, hiri armagile, ekintzaile eta industrialean, baina haurtzaroko asteburu guztiak aitaren baserrian igaro zituen. Aitak, ipuinak, elezaharrak eta haurtzaroko bizipenak kontatzen eta asmatzen zizkion, eta Nereak errealitate magiko hori gustura sinesten zuen. Amarengandik abesteko zaletasuna jaso zuen. Amak ipuinak grinez kontatzen zizkion, pertsonaiei ahots ezberdinak jarriz eta kantuak asmatuz. Gustuko zuen berarentzat antzeztea. Nahasketa horretatik atera zen Nerea, narratzailea eta antzerkigilea. 2003an hasi zen ipuinak kontatzen eta 2008an antzerki-konpainia bat sortu zuen bi lagunekin batera. Esperientziak eta zenbait ikastarok narratzaile gisa trebatu dute eta bestelako ikasketek —gorputz hezkuntza, antzerki fisikoa, clown eta pianoak— istorioak ahotsarekin, keinuekin, objektuekin eta kantuekin asmatzera eta kontatzera eraman dute.

Zorionak biei!