Hemeroteka


Compartir
2015-06-15

Maj3, Platano Moreak eta Loretxoak taldea irabazle

Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketako epaimahaiak hartu du bere erabakia: Ikastetxeen kategorian DBH1-2 multzoan Maj3 taldearen lana izan da onena; DBH3-4 multzoan, berriz, Platano moreak taldearen book trailerra hautatu dute eta Norbanakoen kategorian Loretxoak taldeak eskuratu du saria. Oro har, gidoia, errealizazioa, interpretazioa eta originaltasuna hartu dituzte aintza epaimahakideek. Hala ere, ez da lan samurra izan, edizio honetan lan oso onak jaso baititugu. Epaimahaiak ondo deliberatuta hartu du bere erabakia.

Honakoek osatu dute epaimahaia:

- Amaia Pavon HUHEZIko irakasle eta ikus-entzunezkoetan aditua
- Joanes Urkixo idazle eta gidoigilea
- EIBZtako (Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentrua) kideak
- Ane Lapizondo Galtzagorri Elkartearen Irakurketa Mintegiko koordinatzailea

SARI NAGUSIA

IKASTETXEEN KATEGORIA

DBH1-2 mailak: 

Maj3 taldea Bergarako Mariaren Lagundia ikastetxeko DBH1ekoek osatzen dute. John Boyneren Pijama marradunaz jantzitako mutikoa (Alberdania, 2007) liburua hautatu dute book trailerra egiteko. Talde honek lau lagunentzako abentura txangoa eta ikasgelarentzat liburu eta diskotan gastatzeko 200 euroko bonoa eskuratu du.

Epaimahaiaren iritzia: Lan polita da. Originala da eta oso ondo dago kontatuta. Amaiera ireki horrekin oso ondo betetzen du book trailerren funtzioa. Amaieran agertzen diren kredituak ere behar bezala daude.

DBH3-4 mailak:

Platano moreak taldearen lana hautatu du epaimahaiak. Talde hau ere Bergarako Mariaren Lagundia ikastetxekoena da. DBH3ko talde horrek Aitor Aranaren Maitasun sua (Ibaizabal, 2013) liburuari buruz egindako book trailerra da. Talde honek lau lagunentzako abentura txangoa eta ikasgelarentzat liburu eta diskotan gastatzeko 200 euroko bonoa eskuratu du.

Epaimahaiaren iritzia: Egileek grabatu dute eta errealizazio adoretsua egin dute. Irudien enkoadreak, interpretazioa… oso onak. Abiapuntua oso aprposa da eta asmatu dute planteamenduarekin. Emaitza txukuna da, oso.

NORBANAKOEN KATEGORIA

Epaimahaiak Loretxoak izeneko lana hautatu du. Lasarte-Oriako Maite Castrok Jean Gionoren Zuhaitzak landatzen zituen gizona (Denonartean, 2013) liburuari buruz egindako book trailerra, hain zuzen. Maite Castrok e-reader bat eta liburu eta diskotan gastatzeko 100 euroko bonoa irabazi ditu.

Epaimahaiaren iritzia: Lehen pertsonan kontatu izanak originaltasuna ematen dio book trailerrari. Oso fina da eta oso orekatua musika, irudiak eta kontakizunaren uztartzea.

PUBLIKOAREN SARIA

Ikastetxeen kategorian Donostiako Zubiri-Manteo ikastetxeko DBH4ko Azaloreak taldearen book trailerra izan da bozkatuena (32 boto). Patxi Zubizarretaren Atlas sentimentala (Alberdania, 1998) liburuari buruz egindako book trailerra da haiena. 200 euroko bonoa jasoko dute liburu eta diskotan gastatzeko.

Norbanakoen kategorian, berriz, Urnietako Gorka Curiel, Josu Gimenez eta Lander Ciak osatutako ILUMINATIAK taldearen book trailerrak lortu ditu boto gehien (19 boto). Joanes Urkixoren Gerlari zuria (Elkar, 2003) liburua hautatu dute book trailerra egiteko. Hauek e-reader bat jasoko dute.

DATORREN IKASTURTEKO IRAKURGAIAK

Edizio hau amaitzear denez, datorren ikasturteko Liburu Gaztea Lehiaketarako irakurgaiak aukeratu ditu jada Liburu Gaztea Batzordeak. 2014an euskaraz gazteentzat argitaratu zen guztia irakurri ostean, honakoa da hautatutako liburuen zerrenda mailaz maila:

- DBH-1(12-13 urte): Beti iparralderantz. Jon Arretxe. Erein, 2014

- DBH-2 (13-14 urte): Dumitru. Koldo Izagirre. Erein, 2014

- DBH-3 (14-15 urte): Neska baten hitza. Alfredo Gómez Cerdá. Itzultzailea: Aitor Arana. Ibaizabal, 2014

- DBH-4 (15-16 urte): Watsondarrak. Jane Austen. Ilustratzailea: Sara Morante. Itzultzailea: Ana Isabel Morales. Denonartean, 2014

Liburu horiek dira datorren ikasturteko “Aurtengo proposamenak” liburu-zerrenda osatuko dutenak. Ohi bezala, DBHko maila bakoitzerako iaz argitaratutako liburu bana proposatuko da irakurgai moduan.

Horrez gain, orain arte bezala, Ezinbestekoen zerrendatik ere hartu ahal izango da irakurgaia. Maila bakoitzak ikasleen adinari dagokion libururen bat hautatu ahal izango du zerrenda horretatik. Ezinbestekoen zerrenda hori, literatur aditu zenbaitek osatutakoa da, gazteentzat orain arte euskaraz argitaratu diren libururik gomendagarrienak biltzen dituena. Hortaz, parte hartzaileek nobedadeen artean edo betiko irakurgai onen artean egin ahal izango dute hautua.

Lehiaketan, Ikastetxeen kategorian, parte hartzeko izen-ematea irailean zabalduko da. Izena ematen duten ikastetxeek “Aurtengo proposamenak” zerrendako liburu bana jasoko dute eta liburu horiekin osatutako unitate didaktikoa.