Hemeroteka


Compartir
2014-08-12

Maite Mutuberriak irabazi du Peru Abarka saria

Maite Mutuberria (Eltzaburu 1985) ilustratzaile nafarrak irabazi du Peru Abarka 2014 saria. Castillo Suarez idazleak irabazi zuen Peru Abarka ipuin lehiaketa "Zerua berun" ipuinarekin eta hori ilustratzea izan da irudigileen lana. Epaimahaiaren iritziz, "oso proposamen aberatsa da" Maite Mutuberriarena, ez baitu dena puntuz puntu kontatu.

Guztira 22 ilustratzailek hartu du parte sarian; gehienak Euskal Herrikoak, nahiz eta Bartzelona eta A Coruñatik ere jaso dituzten proposamenak. Epaimahaiaren iritziz, guztiak kalitate handiko lanak izan dira. Baina horien artean Mutuberriarena nabarmendu dute saria emanez.

Epaimahaia uztailaren 10ean bildu zen erabaki hartzeko. Honakoak izan dira epaimahaikideak: Borja Bujan Garabat galeriako arduraduna, Mari Eli Ituarte Markina-Xemeingo ordezkari lanetan eta Ima Mendiola Ibaizabal argitaletxearen ordezkari bezala.

Maite Mutuberria

Maiteri Mutuberria Eltzaburun jaio zen, 1985ean. Ikus-entzunezko komunikazioan lizentziatua da eta hainbat produkzio-etxeetan lan egin ondoren Ilustrazioa ikasi zuen Madrilgo Arte 10 Eskolan. Orain, bertan bizi da zenbait agentzia eta argitaletxerentzat lan eginez. Iaz Etxepare Saria irabazi zuen Leire Bilbaok idatzitako eta Pamielak argitaratutako Gerrak ez du izenik album ilustratuarekin. Honakoak dira plazaratutako beste liburuak: Cuento de Babia y Luna (Antonio Lombillo), Zure Denboraren truke (Uxue Alberdi) eta Hizkuntzaren keinua (antologia).

Maitek orain uda osoa du bere lana bukatzeko. Irailean aurkeztu beharko du lana amaituta eta Urriaren 24an aurkeztuko da albuma, Bibliotekeen egunarekin bat eginez, Markina-Xemeingo Udalean.