Hemeroteka

2023-12-13

Maitane Bautistak hartu dio lekukoa Arkaitz Barriolari Ilustratzaileen Txokoan

Martxoaren 17ra arte Maitane Bautista ilustratzailearen lanak ikusgai egongo dira Aieteko Kultur Etxean, Ilustratzaileen Txokoan.

Maitane Bautista Mungian jaio zen 1996an. Sorkuntza eta Diseinuko Gradu ikasketak egin zituen Euskal Herriko Unibertsitatean. Bere formakuntzan zehar, ilustrazioari loturiko ikasgai espezifikoetan murgildu zen eta horrek piztu zuen egun haur-ilustrazioarekiko duen interesa. Bere ilustratzaile ibilbidea Ibaizabal argitaletxearekin hasi zuen. Bi urtez testuliburuak sortzeko prozesuan laguntzeko aukera izan zuen eta hala ulertu zuen ilustrazioek hezkuntzan eta haurren garapenean izan dezaketen garrantzia.

Haur Literaturaren esparruari dagokionez, argitaletxe berarekin elkarlanean, bi liburu ditu argitaratuak: Vivim del cuentu kolektiboak idatzitako “Olentzero ipuinen herrialdean” (Ibaizabal, 2022) eta Nahikari Gabilondok idatzitako “Tximeletak eta gozokiak” (Ibaizabal, 2022) liburuen ilustrazio lanak egin ditu.

Bere ilustrazioetan haurrak, bereziki neskak, protagonista indartsu eta abenturazale gisa irudikatu ohi ditu, ausardia eta adiskidetasuna irudikatzen dituzten istorio zirraragarrietan murgiltzen diren bitartean.

Teknika digitalak erabiltzen ditu bere sorkuntzei bizia emateko, programa digitalek eskaintzen dituzten ehundurei eta efektuei etekina ateraz.

Bere helburu nagusia fantasiarekin modu sotilean konektatzen diren munduak eraikitzea da, eskalak eta koloreak arakatuz, irakurle gazteen irudimena suspertzeko.

Egun, Bilbon egiten du lan, Rombau estudioan, ilustratzaile eta diseinatzaile-grafiko modura.