Hemeroteka


Compartir
2007-12-19

Literatura Postaletan

Ahozko literatura eta gaurko literatura idatzia abiapuntutzat harturik, funtzio edota jasotzaile zehatzei egokitutako testu labur berriak sortu ditu Yolanda Arrietak Postal Literarioetarako. 12 postal dira, 12 testu, bat hilabete bakoitzeko, eta beti ere bakoitzak hilabete horretako gairen batekin lotura izango du. Agurrak, desioak, gogoetak, asmakizunak, aho-korapiloak, testu bitxiak edota zorri-ipuinak (ipuin motzak)… dira hauen edukiak. Guztiak karpeta batean bilduta datoz, gutunazal eta guzti. Modu horretan, haurrek bertako testuak eta irudiak ikusi, irakurri eta landu ostean, edonori bidaltzeko aukera ere izango dute.

Diseinuari dagokionez, kolore eta formen bitartez urtaroei egin nahi zaie erreferentzia: negukoek elur maluta itxura dute; udaberrikoek lore forma; udakoek eguzkiaren forma eta udazkenekoek hostoarena.

  

Helburuak

2007ko LETREN LEIHOTIK egitasmoan Egutegi Literarioak sortu zituzten Yolanda Arrietak eta Iñaki Martiarena “Mattin” ilustratzaileak. Izandako arrakasta ikusirik, aurten ere, Galtzagorri eta Galdakaoko Udalaren arteko elkarlanaren ondorioz, 2008ko LETREN LEIHOTIK egitasmorako euskarri berria sortu da. Modu honetan, 2008an zehar LETREN LEIHOTIK lemapean egingo diren ekintzen euskarri fisikoa izango dira Postal Literarioak. Bertan, euskarak, ilustrazioak eta literaturak bat egiten dutelarik.

 

          

 

 

Postal hauek jolaserako material didaktikoa dira. Produktu honen bitartez familia giroan emozioa, estetika, gustua eta irudimena euskaraz ereiteko bide erakargarriak eskaini nahi zaizkie galdakaotarrei lehenengo eta ondoren, euskaldun guztiei. Eta bide batez, familiatik komunitaterako sarea eraiki, euskara eta literatura baliatuz.

Postalak urtarrilean bertan doan banatuko dizkie Galdakaoko Udalak bertako zenbait haurrei. 2008ko maiatzetik aurrera berriz, Galtzagorrik salgai jarriko ditu, interesa duen norbanako, ikastetxe edo erakundeek eskuratzeko aukera izan dezaten.

 

LETREN LEIHOTIK 2008

Postal Literarioak datorren urteko osoko dinamika baten euskarria dira. Baina hauek banatzeaz gain, ekimen ugari burutuko da LETREN LEIHOTIK lemapean Galdakaon. Urtarrilean postalak haurrei banatu ostean, aurkezpen saioak burutuko dira haurren guraso eta irakasleentzat. Modu honetan, produktua erakutsi eta erabilerari buruzko aholkuak emango zaizkie. Ondoren, Galtzagorriren Haur Poesia Aretoa burutuko da hainbat astetan zehar.

Yolanda Arrietak haur txikien guraso eta irakasleentzat tailer bilguneak eta haurrei zuzendutako idazketa tailerrak eskainiko ditu.

Uda ondoren, berriz, Galtzagorrik prestatutako Irudiz Irudi Liburu ibiltari ilustrazio tailerraz gozatu ahal izango dute Galdakaoko haurrek. Tartean, letren leihotik sartzen den sorpresaren bat edo beste egon daiteke.