Hastear da Galtzagorri elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin, sortutako "Jolas eginez irakurzaletu" Haur eta Gazte Literatura Aretoen bira eta, honekin, bosgarren urtez bihurtu dugu literatura jolasteko eta hausnartzeko espazio.
Urretxu, Tolosa, Legazpi eta Mutrikun muntatuko ditugu aretoak 5-11 urte bitarteko ikasleek haiekin goza dezaten. Areto bakoitzean hamar bisita gidatu skainiko ditugu gutxienez harik eta haur gehienek parte har dezaten.
Urretxuko Udal aretoan irekiko dugu lehenengo aretoa azaroaren 20an. "Itsaspeko bihotzak" aretoa izango da bertan, genero berdintasuna eta hezkidetza lantzen duena. Bost gune daude itsasoan barreiaturik eta gune bakoitzean artearen bitartez eduki ideologiko zehatzak lantzen dira.
Tolosan, azaroaren 25ean hasita, "Aliziaren burutazio miresgarriak" aretoa izango da Haur Liburutegian. 10 eta 11 urteko haurrei zuzendutako aretoa da. Lewis Carroll-en obra handiak ez du irakaspenik, hala idatzi zuen idazleak. Asko du ironiatik eta hitz jolasetik, baita abenturatik ere. Aretoak hori guztia barne bildu du eta haurrei obra bera ezagutzera emateaz gain, umorea, moralaren zein ezarritako arauen gaineko hausnarketa eta arte heziketa sustatu nahi ditu.
Legazpiko kultur etxean, abenduaren 1ean, “Hizki Hazka” areto berria izango da. Estreinakoz irekiko da zirkuitu honetan eta ABEZEA izango dugu protagonista. Hortaz, hizkiak eta hitzak izango ditugu hizpide eta haien bitartez, haiekin jolastuz eta haiei jarraiki burutuko dugu ibilbide literarioa: hizkiak ezagutu, hitzak eratu, istorioekin amaitu... Aldi berean, areto honetan Euskal Haur Literaturan azken urteetan argitaratzen hasiak diren abezedarioen liburuak aztertu eta arakatu ahal izango dituzte haur eta gazteek. Bai eta nazioarte mailan argitaratuak izan diren beste abeze ikusgarri batzuk ere.
Haur Literaturan aditu diren bi profesionalek diseinatu dituzte saio gidatuak eta aretoaren ibilbide literarioa: Mireia Delgado pedagogoak eta Intza Alkain Haur Hezkuntzan Graduatuak; eta aretoaren eszenifikazioaren diseinuan esperientzia handia duten bi ilustratzaile aritu dira, Idoia Beratarbide eta Aitziber Alonso.
Mutrikun, urtarrilaren 10etik aurrera, “Haur poesia” aretoaz gozatuko dute bertako haurrek. Aretoak lau zuhaitzez osatutako basoaren itxura du. Ikasleek ibilbide bat egingo dute basoan barrena. Zuhaitz bakoitzaren azpian jolas bat proposatuko die dinamizatzaileak. Limerick-ak, herri poesia, haikuak eta hitz parrastadak dira zuhaitz bakoitzak gordetzen dituen poesia altxorrak. Liburuxkak, CDak eta Euskal Haur Poesiaren bibliografia zabala eskura izango dute umeek. Poesia egitura ezberdinak, poesia hizkuntz jolas gisa, figura poetikoen erabilpenaz eta adierazien eraldatzeaz ikasiko dute haurrek jolasten, betiere.
Laster aretoak martxan dira haurrek habitatuak izateko prest!