Hemeroteka

2024-11-15

Literatur aretoen tripak, Naiz irratian

Hilero bezala, Naiz irratian izan berri gara, Zebrabidea saioko lagunek gonbidatuta. Oraingoan haur literatura aretoen tripei buruz aritu dira solasean Mireia Delgado eta Izaskun Jauregi. Urtero Gipuzkoako lau herritan barna egiten dugun Literatur aretoen zirkuituaren zortzigarren edizioa bukatzear da. Azken geldialdia Zizurkilgo liburutegian du aurten. Bertako haurrek “Itsaspeko bihotzak” hezkidetzaren inguruko aretoaz gozatuko dute. “Adur, adur ez naiz zure beldur”, beldurraren inguruko aretoa, “Shhhhuuumendia, hitzik gabeko liburuen eztanda” eta “Hizki-Hazka” abezeen aretoa izan dira aurtengo biran protagonista. Galtzagorrik azken urte hauetan sortutako aretoetako batzuk dira horiek.

Urtez urte, Zirkuitu honek liburuen ekosistemak sortzen ditu liburutegietan: Baso poetikoak, hitzik gabe lehertzen diren sumendiak, beldurrezko sukaldeak, zurrunbiloz beteriko itsaspeak...

Baina zer dira benetan literatur aretoak? Zein da bere esentzia? Zein, helburua? Zer ekarpen egiten diote Haur eta Gazte Literaturari? Zein haur, gazte zein irakurketaren bitartekariei? Mireia Delgado areto hauetako askoren gidari, azken hiruen sortze prozesuaren partaide eta antropologo eta pedagogoak ezin hobeto kontatu du literatura ardatz hartuta Galtzagorri elkarteak liburutegietan eraikitzen dituen artefaktu magiko hauetan haurrek eta bitartekariek bizi duten esperientzia.

Hementxe entzun dezakezu Arrosa sareko irrati guztietan urriaren 25ean eskaini zen elkarrizketa. Hortzak luze jartzeko modukoa da!