Hemeroteka


Compartir
2013-10-24

Liburutegiaren Eguna ospatuko da gaur

Urriaren 24an Liburutegiaren Eguna ospatuko da. Espainiako Haur eta Gazte Liburuaren Lagunen Elkarteak, Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren laguntzarekin antolatzen du egun hau, eta horren harira hainbat jarduera egiten dira Euskal Herriko liburutegietan nahiz ikastetxeetan.

Baina zenbait lekutan herri guztira zabaltzen dira jarduerak. Iurretan, esaterako, Udalaren eta Herri Bibliotekaren ekimenez, "Erakusleiho literarioak" paratu dituzte herriko hainbat dendatan. Hilaren 31 arte egongo dira ikusgai.

Horrez gain, urriaren 24rako festa antolatu dute: 17:30ean ipuin-mozorro jaia egingo da 4 urtetik gorako haurrentzat. 18:30ean txokolate-jana eta 20:00etan helduentzat kantu-poesia errezitaldia eta luntxa.

Donostian aste osoko egitaraua antolatu dute "Ondarera sarbidea" lelopean, eta urriaren 24an Asun Balzola ilustratzailearen lana eta ibilbidea gogoratzeko haurrentzako ilustrazio tailerra eta Balzolari buruzko solasaldia egingo dira Haur Liburutegi Nagusian.

Elgetan, berriz, urriaren 22an hasiko dituzte jarduerak. Egun honetan ludotekako haurrek Udal Liburutegira bisita egingo dute. 23an, liburuak plazara aterako dituzte. 17:00etatik 19:00etara plazan liburuak dohainik eskuratzeko aukera izango da. Bertan geratzen direnak aste osoan izango dira Liburutegian nahi duenak hartzeko eta, bide batez, Liburutegia ezagutzeko aukera zabaltzeko. Amaitzeko, urriaren 27an, igandearekin, Saroa Bikandi kontalariaren eskutik Liburutegia ezagutu eta hainbat jardueraz gozatzeko aukera izango da 11:00etatik aurrera.

Elorrioko Udal Liburutegian ere ipuin kontaketa izango dute urriaren 24a ospatzeko. Itziar Gamero kontalariak bi saio eskainiko ditu: 17:00etan 3-5 urteko haurrentzat, eta 17:30ean 6-9 urtekoentzat.

Nafarroako Gobernuko Liburutegi Zerbitzuak, bestalde, Irakurketa Kluben III. Topaketa antolatu du, urriaren 26rako Tuteran. Horrez gain, Asnabi Elkarteak I. Jardunaldi Profesionalak egingo ditu Nafarroako Liburutegian. Manuel Rivas idazleak Irakurketa Kluben Topaketan hartuko du parte.

Hainbat eta hainbat dira egun honetarako antolatutako jarduerak. Tokian tokiko liburutegietan izango duzue horren harira antolatutako egitaraua.

Beraz, parte hartu, ospatu eta gozatu!!!