Hemeroteka


Compartir
2014-02-24

Liburuen Altxorra eta Liburu ibiltariak herriz herri

Galtzagorri Elkarteak Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundien laguntzarekin urtero antolatzen dituen Liburuen Altxorra (Gipuzkoan) eta Liburu Ibiltariak (Bizkaian) egitasmoak abian dira. Aurten, guztira, 60 bat eskola txikitara iritsiko dira liburuz betetako kutxak. Mailegu zerbitzu mugikorra eskaintzen dute kutxa hauek eta modu horretan eskola txikien liburutegi premiari erantzuten dio GALTZAGORRI Haur eta Gazte Literatura Elkarteak. Era berean, Galtzagorrik eta bi lurraldeetako Foru Aldundiek zerbitzu hau baliatzen dute irakurzaletasuna sustatzeko Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzatik hasita. Gipuzkoan 34 ikastetxek jasoko dute aurten kutxa ibiltaria eta 23 ikastetxek Bizkaian.

Gipuzkoan Imanol Mercero literatura adituak eskaintzen ditu eskoletako saioak eta Bizkaian Oihana Etxegibel literatura aditu eta kontalariak.

Hemen duzue Berastegiko J.A. Muñagorri ikastetxean LH5 eta LH6ko ikasleekin Imanol Mercerok egindako saioaren bideoa.

Saioen dinamika

Liburuen Altxorreko eta Liburu Ibiltarien gurpildun kutxak, esan bezala, Gipuzkoako 34 eta Bizkaiko 23 eskola txikik jasoko dituzte aurten. Haur eta Gazte Literaturan jantzia den dinamizatzaile baten eskutik helduko dira Gipuzkoako eta Bizkaiko herrixketako ikastetxeetara, ikasturtea amaitu bitartean

Kutxa hauetako bakoitzak 140 liburu inguru ditu. Gehienak GALTZAGORRIk urtero antolatzen duen Irakurketa Mintegian hautatutako liburuak dira. Mintegi horretan, idazle, irakasle, liburuzain eta dinamizatzaile hainbat biltzen dira, 0-12 urte bitarteko haur eta gazteentzat argitaratutako guztia irakurtzeko. Ondoren, argitaratutako guztiari buruz azterketa bat egin, eta kalitatearen ikuspegitik interesgarrienak diren lanak egitasmoko liburu zerrendara bideratzen dira. Modu honetan, urtero liburuak berritzen direla bermatzen da. Egitasmo honen dinamizatzaileak motibazio literarioa sustatzeko hainbat saio eskainiko dizkie haurrei. Saio hauetan dramatizazioak, ipuin kontaketak, hitz jolasak, poemak oinarri dituzten dinamikak... landuko dira, besteak beste. Beti ere, kutxan eramango diren liburuei lotutakoak izango dira saioak. Modu horretan, liburu horietan arakatzeko teknikak eskainiko dizkie haurrei, beraien parte hartzea ere sustatuz.

Lehenengo dinamizazio saioaren ondoren, kutxak hilabete igaroko du ikastetxe bakoitzean. Haurrek bertako apaletako liburuez gozatu ahal izango dute, beste edozein liburutegi izango balitz bezala. Galtzagorriko dinamizatzaileak ez die erabilera konkreturik ezarriko, ezta metodo itxirik ere. Haur eta eskola bakoitzak askatasuna du egokiena ikusten duen moduan erabiltzeko. Irakurketaren ludikotasuna eta magia sustatu nahi da ekimen honekin.

Urteetako esperientziak erakusten du, gainera, leku bakoitzean erabilera modu ezberdinean antolatzen dela; ikastetxe batzuetan, irakasleek irakurtzen dizkiete eskola orduetan haurrei ipuintxoak; batzuk liburuak oinarri hartuta kantak, olerkiak eta antzerkiak ere prestatzen dituzte; eskola txikienetan erabat irekia egoten da kutxa eta ikasleek erabakitzen dute zer eta noiz irakurri, gogoaren arabera; beste batzuetan egunero finkatzen dute tarte bat kutxatik liburuak hartu eta irakurtzeko; batzuek irakurketak etxean egin eta hurrengo goizean komentatzen dituzte irakurritakoak; besteetan liburuzain lana bete izan dute haur helduenek…