Hemeroteka


Compartir
2012-04-29

Liburuaren Egunean jarduera ugari

Apirilaren 23an, astelehenarekin, ospatuko da Liburuaren eta Egile Eskubideen Nazioarteko Eguna. Cervantes, Shakespeare eta Inca Garcilaso de la Vegaren heriotzaren urtemuga (1616ko apirilaren 23an hil ziren) gogoratuz.

Euskal Herrian ere ikastetxe eta udal liburutegi gehienetan ospatzen da urtero Liburuaren Eguna, aste horretan literatura eta irakurketarekin zerikusia duten jarduera desberdinak antolatuz.

Aurten, besteak beste, Galtzagorri Elkarteak Haur Liburuaren Egunerako proposatutako bookcrossing-a egingo da hainbat ikastetxe eta liburutegitan.

Hiriburuetan, batez ere asteburua aprobetxatuz, liburu-azokak egingo dira eta deskontu bereziak izango dituzte

Zenbait jarduera

Tolosan, esaterako, apirilaren 21ean (larunbata) "Liburuzaina estu eta larri" ikuskizuna emango dute 18:30ean, Topic-en. Tolosako Haur Liburutegian, apirilaren 2tik (Haur Liburuaren Eguna) 23ra, Andersen-ek idatzitako "Izeia" ipuinari buruzko erakusketa dago ikusgai. Apirilaren 23an bertan, bookcrossing gune bat sortuko dute herritarrek liburuak "aska" eta "harrapa" ditzaten. Jarduerekin amaitzeko, apirilaren 30ean, helduen liburutegian liburuak maileguan eramaten dituztenen artean liburu-sortak zozketatuko dituzte.

Gasteizen, Artium-eko liburutegiak ere bookcrossing-a egingo du egun horretan. Horrez gain, Ignacio Aldekoa Kultur Etxean, ipuin kontaketa eta bertso saioa izango dira arratsaldean (Andoni Egaña, Rikardo Gonzalez de Durana eta Zigor Enbeitarekin).

Bestalde, Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak Literatura Topaketa antolatu du. "Haur Literatura: Helduentzako Literatura" izenburua jarri diote aurtengo edizioari. Goizeko 9:30ean hasita, Juan Kruz Igerabide idazleak (09:30), Eider Eibar ilustratzaileak (10:30), Yolanda Arrieta idazleak (12:00) eta Pello Añorga idazle eta kontalariak (15:00) saio bana emango dute haur eta helduen literaturaren artean mugarik ote dagoen mahai gainean jarriz.

Literatur aretoa eta Liburu Gaztea erakusketa Oñatin

Bestalde, Galtzagorri Elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin aurten Gipuzkoako hainbat herritako udal liburutegietan ikusgai jarri duen literatur aretoa (Adur, adur ez naiz zure beldur), Oñatiko Udal Bibliotekan izango da apirilaren 23tik 27ra, Liburuaren Eguneko jardueren baitan. Egun horietan Oñatiko hainbat ikastetxetako 3. eta 4. mailako ikasleek bertan eskainiko diren saioetan hartuko dute parte.

Publiko zabalagoari eta adin tarte desberdinei zuzenduta, berriz, aste osorako egitaraua osatu du Oñatiko Udal Bibliotekak. Apirilaren 24an, Pako Aristiren "Euskal Herria: errealitatea eta utopia" hitzaldia, 19:00etan. Apirilaren 25ean, "Kezkamuxelak" liburuan oinarritutako tailerra, 6-8 urte bitarteko haurrentzat, 17:30ean. Eta apirilaren 26an, "Jane Eyre" filma Zine Klubaren ohiko emanaldien barruan, 20:00etan, zinema aretoan.

Horrez gain, Oñatiko Zuazola Larraña institutuan Galtzagorri Elkarteak sortutako Liburu Gaztea erakusketa izango da ikusgai apirilaren 23tik 27ra. Bertan Liburu Gaztea lehiaketan 2003. urtetik 2011ra irabazle izan diren liburuak eta gazteek lehiaketa horren baitan sortutako zenbait bideo izango dira ikusgai.

Euskal Herriko ikastetxe askotan antolatu dituzte aste honetarako literaturarekin zerikusia duten jarduerak. Errenteriako Cristobal Gamon ikastetxean, adibidez, Liburuaren Eguna zer den eta zergatik ospatzen den azaltzeaz gain, "Liburu Erraldoia" osatuko dute apirilaren 22an, igandean. Astean zehar, besteak beste, gurasoak ikasgeletara joango dira ipuinak kontatzera eta hizkuntza desberdinetan idatzitako ipuinak eramango dituzte, eta eskolako txoko desberdinetan irakasle bana izango da haurrei ipuinak kontatzen. Jarduerekin amaitzeko, maiatzaren 8an, 16:30ean, Juan Carlos Alonso psikologoak guraso eta irakasleei zuzendutako hitzaldia emango du: "Ipuinaren, irakurketaren, garrantzia haurren garapenean".