Hemeroteka


Compartir
2016-10-25

Liburu kutxak eskola txikietara iristen hasi dira

17. urtea beteko du ikasturte honetan Liburuen Altxorra proiektuak Gipuzkoan. 16. Urtea Liburu Ibiltariak-ek Bizkaian. Lehena Gipuzkoako Foru Aldundiari esker burutzen du Galtzagorri Elkarteak. Bigarrena, Bizkaiko Foru Aldundiari esker. Biek ala biek, izen ezberdina duten arren, helburu eta mami bera dute: Gipuzkoako zein Bizkaiko eskola txikietako haurren irakurtzeko zaletasuna sustatzea, horretarako euskarazko kalitatezko liburuak baliatuz. Horregatik, liburutegi gurpildunak prestatzen ditu Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literatura Elkarteak urtero.

 

0 eta 12 urte bitarteko haurrentzat argitaratutako 120 bat euskarazko liburu daramatzaten 5 kutxa ibiltari prestatu ditu aurten Gipuzkoarako; beste hainbeste Bizkairako. Guztira, beraz, euskarazko 1.200 liburu ibiliko dira eskolaz eskola, 2016-2017. ikasturtean. Kutxa bakoitzean 30 bat izenburu berri sartu dira, 2015 zein 2016. urteetan argitaratutakoak. Izenburu horiek Galtzagorriko Irakurketa Mintegian hautatuak izan dira, kalitate irizpideen arabera.

 

Bizkaiko 5 kutxen bidaia gaur bertan hasi da Mallabian. Segidan, Mallabia, Amoroto, Zeanuri, Atxondo eta Zaratamoko eskoletara iritsiko dria. Guztira, 24 eskola txikitan jasoko dituzte Liburu Ibiltariak-eko kutxak. Gipuzkoako 5 kutxek 30 eskoletatik bidaiatuko dute ikasturte honetan. Eta urriaren 3an, Bidanian, ekingo diote aurtengo ibilbideari. Aste berean Elgeta, Ereñotzu, Altzo eta Lizartzara iritsiko dira.

 

 

Kutxen gidariak, irakurleen motibatzaileak

Baina liburuen kutxek ez dute bidaia hori bakarrik egiten; gidari dituzte Galtzagorriko bi kide: Gipuzkoan, Imanol Mercerok gidatzen ditu kutxak; Oihana Etxegibelek, Bizkaian. Biek ala biek urteak daramatzate eskola txikietara kutxak eraman, bertako haur zein irakasleei horiek erakutsi, aurkeztu eta irakurtzen. Kutxekin batera animazio saioak egiten dituzte beraz eskola txiki hauetako bakoitzean.

Ondoren, kutxa hori hilabete batez izaten dute eskola txiki bakoitzean. Haurrek bertako apaletako liburuez gozatu ahal izango dute, beste edozein liburutegi izango balitz bezala. Galtzagorriko dinamizatzaileak ez die erabilera konkreturik ezarriko, ezta metodo itxirik ere. Haur eta eskola bakoitzak askatasuna du egokiena ikusten duen moduan erabiltzeko. Irakurketaren ludikotasuna eta magia sustatu nahi da ekimen honekin.

Behin hilabetea bukatuta, itzultzen dira berriz ere Mercero eta Etxegibel eskoletara, hilabete horretan haurrek egin dituzten irakurketak partekatu eta beste zenbait ipuin edo poesia irakurri edo errezitatzera.


Eskola liburutegiak dinamizatu eta irakurtzeko zaletasuna sustatu

 Urtero bezala, Galtzagorri Elkarteak, Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundien laguntzarekin bideratzen dituen egitasmo hauek 5.000 bat haurri eragiten die eta hauen eskola eta irakasleei. Izan ere, eskola txiki horiek baliabide gutxi izaten dituzte sarri liburu eta liburutegien dinamizaziorako. Egoerak okerrera egin du gainera: hainbat eskola liburutegi itxiko baititu ikasturte honetan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak.

Ataka honetan, kutxa horiek eskaintzen duten liburu mailegu zerbitzu mugikorrak inoiz baino zentzu handiagoa du. Izan ere Liburuen Altxorra/Liburu Ibiltariak egitasmoek ez baitute liburutegi huts izateko asmorik: euskarazko Haur Literaturako liburu berriak aurkeztu eta erabiltzeko aukera eskaintzeaz gain, Galtzagorriren helburua Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako haurren irakurtzeko zaletasuna sustatzea da. Horregatik, beti ere, haurrak irakurketara animatzeko gidariak egiten duen saioarekin batera heltzen dira kutxak eskoletara. Eta horregatik baita ere, proiektu honetan parte hartzen duten hainbat eskola txikien ikasle kopurua hazi dela ikusirik, azken urteotan, horiei beste zerbitzu bat eskaintzen die Galtzagorrik: liburutegi gurpildunak eraman ordez, aholkularitza zerbitzua eskaintzen zaie irakasleei.

Irakasleentzako Aholkularitza Zerbitzua Aurten Gipuzkoako 8 ikastetxetan eta Bizkaiko 6 eskolatan jasoko dute Aholkularitza Zerbitzua. Bisita horretara, dinamizatzaileak esku-gurdi batean euskarazko haur literaturan aurreko urtean argitaratu diren liburuen artean gomendagarrienak eramaten ditu. Irakasleei liburu horiek aurkezten dizkie eta horiekin zein dinamika landu daitezkeen erakusten die. Laburbilduz, aholkularitza zerbitzu honen helburuak hauexek dira: eskola horiek zein liburu eskuratu behar duten jakiteko aholkuak jasotzea, liburu horiek nola erabili behar dituzten ikasteko materiala euren esku jartzea eta irakurzaletasuna sustatzeko dinamiken inguruko formazioa ematea.

 

 

Kartelak opari

Sortu zenetik, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek babesten duten ekimen honen baitan Irakurketa Agenda berria sortu du urtero Galtzagorri Elkarteak. Ilustratzaile ezberdinek egin dituzte urtero hauen ilustrazioak; baita egitasmoaren edizio bakoitzeko kartelarenak ere. Aurten, ordea, krisi ekonomikoaren ondorioz, kartelak bakarrik lagunduko dio egitasmoari. Concetta Probanza ilustratzaileak egin du, hain zuzen, 2016-2017. Ikasturteari dagokiona. Kartel hori oparituko die Galtzagorrik liburuen kutxaren bisita jaso nahiz aholkularitza zerbitzuan parte hartzen duten eskolei.

Nolanahi ere, aurreko urteetako Irakurketa Agendak, hainbat euskal ilustratzailek sortutakoak ,Galtzagorriko web gunean ikusi eta eska daitezke. Besteak beste, Iraia Okina, Belen Lucas, Antton Olariaga, Mattin, Jokin Mitxelena, Aitziber Alonso edota Jon Zabaletak eginikoak topatuko dituzue helbide honetan.