Hemeroteka


Compartir
2018-01-16

Liburu grafikoetarako ilustrazio eta narraziogintza tailerra urtarrilean bigarren aldiz

BIKO
TEKA lau egun eta erdiko ikastaro trinkoa izango da. Bertan, liburu ilustratu bat nola pentsatu, idatzi, sekuentziatu, marraztu eta argitaratu daitekeen landuko dute idazle eta ilustratzaileek binaka, Harkaitz Cano idazlearen eta Aitziber Alonso ilustratzailearen gidaritzapean. Euskal album ilustratuen argitalpen mundua bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute gainera parte hartzaileek aurten: liburu grafikoak argitaratzen dituzten Unai Pascual (Denonartean) eta Pello Elzaburu (Pamiela) editoreek tailerraren azken egunean saio bat eskainiko baitiete sortzaileei.

 

Tailerraren xede nagusia haurrentzako euskarazko liburu grafiko edo album ilustratu berriak sortzeko akuilu izatea da. Baita idazle eta ilustratzaileek elkar ezagutu eta elkarrekin liburu grafiko bat abiatzeko dinamiken jabe egitea ere. Aurten gainera, album ilustratuen edizioaren munduak gurean nola funtzionatzen duen arakatuko da. Hala, tailer honen emaitza gisa, parte hartzen duen bikote bakoitzak album ilustratu baten proiektua abiatuko du.

 

 

8 bikote bakarrik

Interesatuta dauden idazle eta ilustratzaileak bakarka edo bikoteka aurkeztu daitezke. Bakarka aurkezten direnei bikotea aurkituko die beste hautagaien artean Galtzagorri Elkarteak. Guztira, 8 bikote onartuko dira eta horiek beka bana jasoko dute Iruñeko Descalzos kaleko Igogailuaren ondoko udal aretoan (Descalzos kalea 56, 2. solairua) goizez eta arratsaldez, urtarrilaren 29, 30, 31 eta 1ean, eta goizez bakarrik otsailaren 2an burutuko den formazio tailerrean parte hartzeko.

 

BIKO
TEKAren lehen edizioaren arrakasta

2017ko martxoan burutu zuen lehen aldiz Galtzagorri Elkarteak Biko-Teka tailerra, Etxepare Sariko antolatzaileen ekimenez. Iruñeko Udalak babestuta, Harkaitz Cano eta Aitziber Alonso irakasle izan zituzten hiru egunetan zehar haurrentzako album ilustratuetarako ilustrazio eta narraziogintza tailerrean parte hartu zuten zortzi bikoteek. Bikote horietako batek (Ainara Azpiazu “Axpi”k eta Paula Estevezek) bertan abiatutako albumak irabazi zuen 2017an Etxepare Saria. Irabazle suertatu zen “Arraroa” (Pamiela) albumaz gain, tailerrean abiatutako beste zenbait lan ere aurkeztu ziren iazko sariketara.

 

 

 

2018ko deialdia zabalik
Datorren urteko urtarrilean egingo den tailerrean parte hartu nahi dutenek urtarrilaren 15a baino lehen bidali behar dute dokumentazioa Galtzagorri Elkartera: idazleek, gehienez ere, orrialde bateko idazlan labur bat aurkeztu behar dute; ilustratzaileek 3 ilustrazio. Bikotean aurkezten direnek, euren proiektuaren zirriborroa. Horrez gain, curriculuma eta NANaren kopia. Parte hartzeko ez da lan argitaraturik izan behar eta hautagaien artean egile berriak lehenetsiko dira.

 

Atxikitako dokumentuan daude tailerrean parte hartzeko baldintza zehatzak.