Gaur, Galtzagorri Elkarteko txoritxo batek ekarri digu gomendioa. Ez da edozein txori. Enara bat da. Bai, enara! Kanpoan udaberria da eta!
Z familia. Idazlea: Pep Bruno. Ilustratzailea: Mariona Cabassa. Itzultzailea: Manu López Gaseni. Kalandraka&Pamiela, 2010.
Album ilustratu honek 2010. urtean Compostela Saria eskuratu zuen. Zergatik ote? Bada, esango nuke, hitzaren eta irudien artean jolas handia dagoelako. Funtsean, hori baita album ilustratuen xarma.
Lehen orrialdeetan ezohiko familia bat ikusten da. Rolak aldatuta agertzen dira, baina ez da berdintasun genero irizpideak bultzatuta sortutako beste album bat, ez horixe! Z familia-ko kideek ofizio arraroak dituzte. Eta zein dira lanbide bitxi horiek? Bada... ZIRKUKO langileak dira.
Irakurri ahala, testuak ez digu ezustekorik ematen, laua eta oso normala baita: "Goizero aitak gosaria prestatzen du amak egunkaria irakurri eta nik kartera prestatzen dudan bitartean" [sic]. Egunerokotasunetik edaten du testuak, baina aurrera egin ahala, magiara egiten du irudietan.
Fantasia eta errealitatearen arteko hari finean mugitzen da kontakizuna, hitza errealitatea da eta irudiak fantasia dira, iza ere, ilustrazioen bitartez antzematen dugu zergatik den familia hau gero eta Zoroagoa.
Irakurlea ulertzen doa ez dela hor agertzen den hori ohiko familia bat, trebetasun handiak dituztela eta gauza arruntenak modu oso berezian egiten dituztela. Ikusterik nahi? Jaun-andreok, neska-mutilok... Zatozte eta ikusi! Irakurri eta gozatu!