Gaur nobela grafiko batekin gatoz. Zuretzat bereziki gazte!
Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak. Idazlea eta ilustratzailea: Dani Fano. Astiberri, 2018.
Hona Astiberri argitaletxeak emandako nobelaren laburpena:
Ilopangoko familia txiro bateko seme txikiena izanik, Migeltxok artopil zopa janez zaildu behar izan zuen sabela titiko haurra zela. Zapatari-ofizioa ikasi zuen gaztetan, baita sindikatuak eta langile-federakuntzak antolatzen ere. Horrela, 1930ean, El Salvadorreko Alderdi Komunista eratu zuen beste kide batzuekin. Urte hartan bertan SESBera bidaiatu zuen sobiertar iraultza bertatik bertara ezagutzeko.
Handik itzuli ostean Martinez jenerala buru zuen gobernu totalitarioaren aurka jardun zuen 1932ko indigena eta langileen matxinadaren antolakuntzan Farabundo Marti, Feliciano Ama, Chico Sanchez eta beste hainbat burkideren ondoan. Migel atxilotu eta fusilatu egin zuten gainerako burkideak eta beste milaka indigena bezala. Eta aihotzaz eman zioten azkena. Ustez. Migelek ez baitzuen mundu hau uzteko asmorik, aurre egin zion heriotzaren diktadurari ere. Harrezkero, mehatxatua, atxilotua nahiz torturatua, ez zion justizia sozialaren alde borrokatzeari utzi. El Salvadorren zein Guatemalan, langile taldeak suspertu eta antolatu zituen. Hamaika bider agertu zitzaion heriotza, eta hamaika bider egin zion ezetz. Migeltxoren bizitza XX. mendeko El Salvadorreko historia zauritua josteko haria da.
Dani Fano egileaz:
Dani Fano donostiarrak 1905ean El Salvadorren jaiotako ekintzaile nekaezina izan zen Migel Marmolen bizitzak eta heriotzak eman dizkigu luze bezain eder. Liburu hau zortzi urteko lan saiatu baten emaitza zaindua eta bikaindua dugu.