Hemeroteka


Compartir
2020-05-14

Liburu-gomendio bat egunero

Gazte zein helduei zuzendutako gomendioarekin gatoz! Ea tigrea aurkitzen duzuen!

Tigre batekin bizi. Idazlea. Harkaitz Cano. Ilustratzailea: Maite Gurrutxaga. Elkar, 2017.

Tigre batekin bizi omen den familia batek kontatzen digu nolakoa den bizitza baina tigrea benetan behin ere ikusten ez dugularik. Tigrea etxean izaten duen eragina kanpokoekiko eta barrukoekiko harremanetan, sortarazten duen egonezina eta beldurra agerian dira tigre bera ez bezala.

Helduentzako ipuin edota poema grafiko bat osatu dute egileek. Metafora iradokitzaile eta indartsu baten bitartez, testuek eta marrazkiek helburutzat dute tigre batekin bizitzeak sorrarazten duen egonezina eta zirrara batetik, eta eragiten dituen hainbat galdera argitara ekartzea.

Hona irakurleak tentatzeko pasarte bat: 

Alferrik da hona nola heldu zen galdetzea.

Gure aurreko maizterrak ahaztu ote zuen deskuidoz

edo maleziaz,

leihoak zabalik uzteagatik sartu ote zen gu ohartu gabe,

geure disko bilduma gorroto duen bizilagunen jukutria ote

den,

edo hilean behin ura, gasa, argindarra begiratzera datorren

langile buzo-urdinarena.

Irakurri ditut gustuko pentsalariak,

baina ez dut haiengan erantzunik topatu.

Dakidan gauza bakarra da tigre bat bizi dela gurean.