Hemeroteka


Compartir
2020-05-11

Liburu-gomendio bat egunero

Iraultza bertikala edo zergatik ibiltzen diren gizakiak zutik. NÜGÏ WA THONG'O. Irudiak: Agustin Comotto. Itzultzailea: Iraitz Urkulo. Txalaparta, 2019

Liburu bat 80 hizkuntzatara ekarria

Asun Agiriano

Joera klasikoko alegia bat dugu gaurko gomendioa, Afrikako kikuyu hizkuntzan idatzia eta mundu osoan 80 hizkuntza baino gehiagotara itzulia. Horixe baita gure kulturak hainbeste aberastu duen itzulpenak duen dohain nagusia: ikuspegiak hurbiltzea, desberdintasuna ulertzeko gakoak eskaintzea, eta zinez desberdina da kikuyu hizkuntza! Liburu honek beste berezitasun askoren artean horixe baitu: kikuyu hizkuntza bistan dugula, hitz jolasti eta ortografia marka bereziak espazioa partekatzen euskararen ondoan.

Iraultza bertikala ahozko literatura tradizioaren omenaldi bat da, ipuinak elkarri kontatzen genizkion garaietara eramaten gaitu. Laura Huerga editoreak epilogo mamitsuan dioen bezala: “Kontakizunak hitzarekin batera sortu ziren, gure iragana azaldu, gure orainaz hitz egin eta gure balizko etorkizuna igarri behar izan dugulako beti. Hitza, irudiak, pentsamenduak, ideiak eta elkarrizketak eraikitzeko tresnatzat baliatuta".

Iraultza bertikala edo zergatik ibiltzen diren gizakiak zutik ipuinak giza gorputzaren eraketa kontatzen du,gorputzaren atalen arteko eztabaida baten bitartez. Besoen eta hanken arteko lehian adibidez, nor da indartsuena? Nor dotoreena? Zerk bereizten gaitu animaliengandik? Kontakizun honen arabera, garai batean denok lau hankatan ibiltzen baginen ere, iraultza bertikala gauzatu zenetik, aldatu egin gara. Hori bai, haurrei uzten zaie oraindik ere lau hankan ibiltzen beren jatorria ahaztu ez dezaten.

Liburuak gai ugari azaleratzen ditu; boterearen aurkakoa da, bakezaletasunaren aldekoa. Alegiaren estiloan, gutako bakoitzak gaitasun ezberdinak ditu eta aurrera egiteko denok gara beharrezkoak. Inor ez da besteak baino hobeagoa, elkarri lotuak gaude. Mezu itxaropentsua helarazten digu, elkarrekin eta borondatez guztiontzat mundu justuago bat eraiki ahal dela.

Kontakizuna oso aproposa da ozen irakurtzeko; ahozko literaturaren ezinbesteko baldintza, bestalde, konpartitzearena.

Edizioa aparta da, dena dago zainduta eta ondo lotuta: idazlearen inguruko informazio aberatsa, editoreen hitzaurre eta amaierako hitzak, munduan zehar liburuari egin zaizkion hedabideetako iruzkin pasarteak, eta zer esanik ez! Agustín Comotto argentinarraren irudi bikain eta zoragarriak. Munduari bira 80 hizkuntzatan eman duen liburua orain gazte zein helduentzat gozagarri!