Gaur Liburuaren Nazioarteko Eguna da! Ospatu liburuak, kontatu liburuak, gozatu liburuak eta ahaztu itxita jarraitzen duten liburu-denda txikiekin!
Gomendio hau, egiten ditugun asko eta asko bezala, Galtzagorri Elkarteak antolatzen duen Irakurketa Mintegiak sortzen dituen zerrendetatik atera dugu.
Osaba otso. Idazlea: Xosé Ballesteros. Ilustratzailea: Roger Olmos. Itzultzailea: Koldo Izagirre. Pamiela-Kalandraka, 2019.
–Ez negarrik egin, Karmele. Torrija batzuk egingo ditut, ikusiko duzu zer goxoak –esan zion amak–. Baina, izan ere, ez daukat non frijitu. Zoaz Osaba Otsorengana eta esaiozu uzteko zartagin bat. Eta gure neska tripazakua Osaba Otsorengana joan, eta atean jo zuen…
Ballesterosen egokitzapen honek Italiako Frioleko ipuin tradizional batean du oinarria. Testu politikoki ez zuzena da, ume irakurleak «ohartarazteko ipuinen» generoan sartzen dituena. Kontakizunak erritmo bizia du eta bizitasun horri bereziki laguntzen diete errepikapenek. Tonu jostagarria gehitzen zaio eta istorioa tentsioa hartzen doa bukaera ustekabeko baina ezinbestekoa izan arte.
Oso ipuin gomendagarria da ahoz goran kontatzeko. Osaba Otso Roger Olmosen lehenbiziko liburu irudiduna izan zen. Estilo aratz eta argia dute ilustrazioek: paper gaineko olioak, xehetasun askoko eszenografiak, ikus-jolasak (basoak zartaginaren forma du, neskaren ileak bat egiten du paisaiarekin) eta koloreek borobiltzen laguntzen dute (neskatilaren ile laranja zoragarria da).
Haurrek helduek baino hobeto ulertuko duten ipuina da.