Gaur, album mutu bat, hitzekin nahiz hitzik gabe irudiek hitz egiteko daukaten gaitasunaz jabetu gaitezen. Album honetan hizki bakarra: A. Album mutuak eskuzabalak dira. Irakurleari interpretazioaren leihoak parez pare irekitzen dizkiote. Eta interpretazioak jolasaren eta hausnarketaren hariak ehuntzen ditu.
Gomendio hau Galtzagorrik osatzen dituen hainbat zerrendatatik atera dugu. Juan Kruz Igerabideren Ezinbestekoetan eta Irten-berriak atalean aurkitu dezakezue.
A. Idazlea eta ilustratzailea: Lorena Martinez Oronoz. denonartean, 2019.
Adin tarte gomendatua: 6 urtetik gora.
Oinarrizko elementuen erabilerarekin osatutako albuma da. Dena dago esentziara eramana, kontakizuna eraikitzeko baliabide minimoak erakutsita. Gorria, zuria eta beltza kolore guztiak. Hondo zuri batean bi pertsonaia arketipiko: otsoa eta neskatoa, euren inguruan objektu bakar kutxa bat dutelarik. Testua are minimoagoa da,“A” letra.
Kontakizuna bi pertsonaia horien topaketa da. Aurrez aurre jartzen dira, eztabaidatzen dute, gorabeherak izaten dituzte, eta amaieran oreka berri bat lortu da.
Arketipoekin eraikitako kontakizuna izanik, irakurlearen interpretazioaren menpe geratzen da diskurtsoaren garapena.
Kolore planoak eta forma sintetikoak dituzte ilustrazioek. Tamainarekin jolasten dute, kontakizunaren esanahia zabalduz.
Album mutuak irakurtzeko dauden hamaika moduen erakusle bikainak dira. Segi hitzekin jolasten haurrekin!