Hemeroteka


Compartir
2020-04-08

Liburu-gomendio bat egunero

Bi txango. Idazlea: Geradl Durrell. Itzultzailea: Iñaki Mendiguren. Elkar, Branka bilduma, 1993.

Ipuinei tartea egingo diegu gaur Gerlad Durrell (1925-1995) idazle eta naturalista ingelesaren eskutik. Gaztetxoei zuzendutako gomendioa da, baina helduek ere gustukoa izango dute umorea gustuko badute. 

Umorea, horixe dago Durrell idazlearen ipuin-liburu honen bi ipuinetan. Ipuinetako bat "Amaren urtebetetzeko txangoa" da eta bestea "Larryren itzulerako txangoa". Amaren urtebetetze bueltan soinujole lagun batek soinua amaren aurpegitik hogei zentimetrora dagoela Zorionak zuri jotzen dio; goizaldeko bostak dira. Durrell sendia bapore batean doa amaren urtebetetzea ospatzeko. Bigarren txangoa: landa-eremu batean, ezerezaren erdian Durrell sendi osoa Rolls-Royce batean doa. Autoaren sabaiko kapota ezin da itxi eta halako batean Noeren garaiko euri-jasa botatzen du.

Litekeena da Durrell-ek bere memoria liburuan jasotako pasarteak oinarri dituzten ipuinak izatea. Durrell familiako gazteena zen Gerald, zaharrena Lawrence edo Larry, idazlea hura ere. Gerra handiaren eta Bigarren Mundu Gerra artean koskortu zen Durrell txikia. Inguruan oinazea eta mina, Durrell familiaren pasarteak oinarri dituzten ipuinok alaitasuna eta askatasun sena (norberarena) gordetzen dituzte.

Elkar argitaletxeak 1990ko hamarkada hasieran argitaratu zuen Gerald Durrell-en liburu hau, baita beste ipuin liburu bat ere. Branka bildumaren barruan obra nabarmenak ekarri zituzten euskarara. Merezi du bilduma berreskuratzea. 

Segi irakurtzen datozen opor arraroetan ere!