Gaurko liburu-gomendioa atera berri dugun Behinola aldizkaritik hartu dugu. Askoz gehiago dago, eskuratu Behinola berria!
Gurdi handia. Idazlea: J. M. Olaizola Txiliku. Ilustratzailea: Eider Eibar. Elkar, 2019.
Ahozko tradiziotik jasotako ipuin baten moldaketa da. Gauzen zergatia azaltzeko sortu izan diren ipuinen multzoan kokatuko genuke. Hain zuzen, Hartz Handia izar konstelazioa nola dagoen osatuta eta zeruan nola identifika dezakegun azaltzeko balio du Txilikuren ipuinak. 8 urtetik aurrerakoek euren kabuz irakurtzeko modukoa bada ere, helduek txikiagoei kontatzeko aproposa da, ozen irakurtzeko moduan idatzia baitago, gainera.
Ahozko ipuin tradizionalen moduan hasten eta amaitzen da istorioa: Munduan beste asko bezala… Gau batez, bi lapur azalduko dira baserri batean eta bi idiak ostuko dituzte. Etxejabeak, lapurretaz ohartzean, lehendabizi neskamea bidaliko du haien atzetik idiak berreskuratzeko, ondoren morroia zakur eta guzti, eta azkenean bera ere abiatuko da guztien atzetik kexaka. Izar-hauts bihurtzeraino egingo dute korri, urruti-urrutira. Mitologiatik edanez, tradizioa eta errealitatea uztartuz, egitura kateatua baliatuz eta testuan errimak txertatuz, erritmo biziko kontakizuna sortu du idazleak. Ilustrazioek ere primeran irudikatzen dute tentsio hori. Hain zuzen, Eider Eibarren arkatz erako trazuek osatzen dituzten irudi perfilatuek mugimendu eta dinamismo handia iradokitzen dute. Aukeratu dituen kolore beroek ere (horia, gorria, laranja…) tentsioa, haserrea eta kirioak dantzan ditugunean sentitzen dugun berotasun hori transmititzen dute. Haren estiloan hain ohikoak diren biribiltasunak oso egokiak dira ipuin honetarako.