Hemeroteka


Compartir
2021-05-24

Liburu-gomendio bat astero

Hirota jaunaren lorategiko telefono kabina. Idazlea: Heather Smith. Ilustratzailea: Rachel Wada. Itzultzailea: Uxoa Iñurrieta. A Fin de Cuentos argitaletxea, 2021.

Asun Agiriano

 

Ustea dago izenburu luzeak ez direla haur literaturan erabiltzeko egokiak eta horrela aurkezten da argitaletxe bilbotar honen euskaraz kaleratutako bigarren liburua: Hirota jaunaren lorategiko telefono kabina.

Kontrazala begiratzerakoan sari ugari jaso dituela jakingo dugu, besteak beste 2020. urtean The White Ravens nazioarteko saria. Kritikak nabarmendu duela bistan da ematen dizkiguten iruzkin laburretan. Babes orrietan egileen biografia laburrak eta datu esanguratsu bat daude: idazleak irratiko podcast batetik jaso zuela liburua idazteko bultzada. Beraz, kontakizuna benetako gertaeretan oinarrituta dago. Eta zer kontatzen du ba hain izenburu luzeko liburu honek?

Ba, Itaru Sasaki japoniarrak lehengusua hil zitzaionean telefono kabina bat eraiki zuela atsekabeari aurre egiteko. Kabina bera zen garrantzitsuena, telefonoa deskonektatu baitzegoen. Edonola, Sasakik uste zuen atsekabeari aurre egiteko lagungarria egingo zitzaiola, «haizeak eramango zizkiola bere hitzak lehengusuari» . Handik urtebetera, tsunami bortitz batek Otsuchi bere herria azpian hartu zuen, herritar askok galdu zituzten senideak eta telefonora jo zuten negar egitera, joan zirenekin konektatzeko esperantzaz. Haizearen telefonoaren istorioa entzun zuen munduko beste puntan, Kanadan alegia, bizi zen idazleak eta oinarri hori erabili zuen gaztetxoentzat fikzioa sortzeko. Kasu honetan, Hirota jauna eta Makio haurra dira protagonistak, biek izan zuten galera olatu handia etorri zenean eta aipatu bezala telefono kabinak laguntzen die tristura bideratzen, ez daudenekin hitz egiten dute, erantzungailua hartuta amorrua eta tristura bideratzen dute.

Kontakizunari marrazkiek ematen diote berezitasuna. Jatorri japoniarra duen Rachel Wada ilustratzaileari antzematen zaio itsasoarekiko maitasuna, eta saihetsezina egiten zaigu Katsushika Hokusai margolari japoniarraren Kanagawaren olatu handiaz gogoratzea.

Marrazkilariak sumi- e teknika tradizionala inspirazioaren moldea erabiltzen du eta artelan ederra sortu du; kolore urdina eta beltza dira nagusi, itsasoa eta zerua bat eginez, gereziak loretan ikus daitezke, arrosa ukituarekin.

Emozio konplexuak atzemateko boterea dute ilustrazioek, galera, min eta sendatze sentimenduak koloreen bitartez irudikatzen dira; hasieran mundua ilun dago eta gainditze-prozesua garatzen den heinean, tonu distiratsuak eta lasaigarriak agertzen dira.

Izenburu luzea duen arren, gogoratzeko zaila egingo zaigun arren, liburu dotorea, patxadaz begiratzekoa, hunkigarria.