Hemeroteka


Compartir
2021-05-10

Liburu-gomendio bat astero

Amatxoren jertsea. Egilea: Jayde Perkin. Itzultzailea: Amets Santxez (Bakun). Ibaizabal, 2021.

Formatu handiko eta azal gogorreko liburua da, 6-8 urte bitarteko haurrentzat aproposa. Heriotzari buruzko liburua da, zehazkiago esanda galerari buruzkoa. Behar baina ezohikoagoa da haurrekin heriotzari buruz hitz egitea, ez dago gaia lantzen duen album ilustratu asko, ez eta ipuin ilustratu ere; are gutxiago euskaraz.

Jayde Perkin komikigile britaniarrak berak bizi izandako esperientzia batetik abiatuta idatzi zuen ipuin ilustratu hau. Nola aldatzen den mundua maite dugun norbaitek alde egiten duenean, zeinen zaila den aurrera egitea, zeinen galduta sentitzen garen... Eta, doluan zenbateko garrantzia hartzen duten objektuek eta oroitzapenek. Altxorrak bihurtzen dira!

Amatxoren jertsea ezinbesteko objektua da ama galdu duen ipuineko neskatilarentzat, han dago amaren usaina, han bere besarkada, haren artilezko harien artean ama dago. Izan ere, mina gainditzen al da? Erantzun doiena «ez» da, haurrarentzat ere bai. Baina, denboraren joanean hazi egiten gara, ikusi eta ikasi egiten dugu, jende berria ezagutzen dugu, eta, nahiz eta mina ez den desagertzen, inguratzen gaituen mundua handiagoa egiten da.