Hemeroteka


Compartir
2021-04-12

Liburu-gomendio bat astero

Arrautza marrautza

Arrautza. Sortzailea: Elena Odriozola. Ediciones Modernas el Embudo, 2021.

Mikel Ayerbe

Liburuaren formatu eta gaien aldetik berrikuntzetara ohituta gauzkate Ediciones Modernas el Embudo argitaletxekoek eta, hori horrela, Elena Odriozolaren Arrautza izenburuko liburu berria ere ez da salbuespena.

Azalean Arrautza izenburua beltzez eta erdian borobil gorri bat, borobil zuri batek inguratua eta beste borobil urdin baten gainean: arrautza frijituaren gorringoa, zuringoa eta zartaginaren urdina. Orriak goraka irekitzen dira eta azala altxatu ostean, esku-ahurra irudikatzen duen oinarrizko ilustrazioa ikus dezakegu. Oinarrizkoa diogu, pasatu beharreko bestelako orrialdeak askoz ere txikiagoak direlako eta orriak pasatu ostean, goiko aldea aldatu arren esku-ahurra bere horretan mantentzen delako. Izan ere, kontakizunean zehar esku horretako hatzak banan-banan agertzen, eta gehitzen, joango dira orri txikiak pasatu ostean: Honek zotzak bildu / Honek sua piztu… hain ezaguna den hatzak mugitzeko ahozko leloa modu eraberritu batean aurkeztuz.

Formatuaren egokitasuna erabakigarria da ilustraturiko hatz bakoitzak duen agerpena eta protagonismoa nabarmentzeko. Koloreen erabilera neurtuak, objektuen manipulazio zein erabilera bikainak eta hatz pertsonaien adierazpenen esangurak minimalismoaren maximari jarraitzen diote: gutxirekin asko adierazteari, alegia.

“Soinutxo hori?” saileko bigarren alea da Arrautza, egile beraren iazko Muki bat, ttakaren ondotik datorrena. Izenburuak iradoki bezala, hainbat abesti, asmakizun, aho-korapilo eta esaera zahar berreskuratzeko bilduma da, diseinu aldetik ere berritasunak eskainiz. Mukiaren kasuan, abestiak ez zuen baliokiderik euskaraz eta, halere, liburua euskaratuta argitaratzera arriskatu ziren argitaletxekoak.

Arrautzako leloaren kasuan, aldiz, lekukotasun eta aldaera asko eta asko ditugu. Eta Arrautzakoa ez den bestelako jolas-formula batez ari bada ere, honakoa berresten du Anjel Lertxundik Eskarmentuaren paperak lanean: “Honek eta honek eta honek piezan poesiaren sen eta zentzu gehiago dago sona handiko poesia eta liburu askotan baino” (2009: 42). Ahozko tradizio hori galbidean egotearen kezkari ere entzuten baitio Arrautzak. Liburuaren kontrazalean irakur daitekeen bezala, “maitasunez eta aurkikuntzaz beteriko jolasean, haurrak erritmoak eta keinuak jasotzen ditu tradizioaren iturritik”.

Azpimarratzekoa dira, horrenbestez, Odriozolaren lanak irekitzen dituen bestelako irakurbideak ere. Egunotan, adibidez, Arrautzarekin hasi eta Lehenengotxo hori abesten amaitu dugu gure “irakurketa”, ahozko tradizioa eta jolasa lagun. Arrautzak begi-bistan jartzen du, bai estetikoki eta baita eduki aldetik ere, bularretik mintzorako ibilbide garrantzitsu horretako liburuek izan beharko luketen kalitate-maila.

Post data: Ezin aipatu gabe utzi Elena Odriozolak eta Gustavo Puertak Arrautza honen ernamuina eta lehen maketa Galtzagorrik antolaturiko 2017ko Marrazioak IX. Topaketetan gauzatu zutela. Eurek gidaturiko “Kosk egiteko, botatzeko, lardaskatzeko eta are irakurriak izateko moduko liburuak” egiteko tailerrean, hain zuzen.