Animaliak. Idazleak: Antonio Rubio. Itzultzailea: Xabier Olaso. Ilustratzailea: Oscar Villán. Pamiela-Kalandraka, 2019.
Miriam Luki
Haur txiki-txikientzako liburua da. Kartonen editatua, laukia eta lau ertzak borobilduak dituena. Animaliak protagonista diren piktograma da non animalien izenak baino ez diren letretan agertzen. Kantatzeko liburua izan daiteke. Oraindik irakurle ez diren haurrekin, bitartekariaren funtzioa ezinbestekoa da eta bitartekariak zukua ateratzeko moduko obra da.
Animaliak eskuineko norazkoan doaz beti, nonbaitera doaz. Krokodiloa eta barraskiloak, bi ageri dira beti, ezberdinak eta errepikatuak aldi berean, eta kontakizunera errepikapena ekartzen dute, ez bakarrik barraskiloak errepikatzen direlako, krokodiloa eta barraskiloen orrialdea bera errepikatzen delako baizik. Izan ere, haur txikiekin errepikapenak kontakizunari laguntzen dio. Dortoka, elefantea, pinguinoa, jirafa, pantera eta eltxoa, gamelua, zikoina eta kirikinoa... Den-denak nonbaitera doaz. Keinuak aldatzen dizkie ilustratzaileak –jokoa ematen du horrek kontakizuna egiteko–. Amaieran elkartu egingo dira eta animalia berriren bat ere sartuko da, kontakizunari aukera gehiago emanez.
Animaliak ikusi, ezagutu, keinuetan erreparatu, kontatzeko eta kantatzeko aukera, keinuetatik umorea ateratzeko parada... Liburu hau bilduma zabalagoaren parte da, Ilargian Kulukantari. Haur txiki-txikientzat, oraindik irakurle ez direnentzat, ez da liburu asko argitaratzen eta bilduma hau helduleku ona da.