Ravelen Boleroa. Idazlea: José Antonio Abad. Ilustratzailea: Federico Delicado. Pamiela-Kalandraka, 2020.
Lore Agirrezabal
Boleroa da Maurice Ravel konpositore ziburutarraren obrarik ospetsuena, munduan gehien interpretatu den lanetako bat, birtuosismoz betetakoa. 1928an sortu zuen Ida Rubinstein dantzariarentzat eta oso originala da, behin eta berriz errepikatzen den melodia izanik, in crescendo doa amaieran lehertu egiten den arte. Hasieran danbor-hots leun batekin hasten da, gero zeharkako txirula batzen zaio doinuari, eta pixkanaka-pixkanaka orkestrako musika-tresna guztiak sartuz hazi eta bete egiten da obra.
Bada, hori berori irudikatzen du album ilustratu eder honek. Irakurri ahala, ia boleroa bera entzun dezakegu, musika-tresna bakoitza bereizten dugun heinean; Jose Antonio Abad Varela idazle eta psikologoak ere banaka aurkezten baitizkigu musikari eta musika-tresnak. Are ederragoa da irakurketa Ravelen Boleroa zuzenean entzunez egitea. Horretara gonbidatzen gaituzte egileek ere liburuaren amaieran; Interneten eskuragarri dauden interpretazio batzuk gomendatzen dizkigute eta zuzenean haietara sarbidea eskaini QR kodeen bidez.
Liburuak amaieran aipatzen duenez, Abad Varela psikologo eta idazle izateaz gain, Galiziako Orkestra Sinfonikoaren Musika Jendarteratzeko Sailburua izan da hainbat urtez eta, A Coruñako Udalaren “Descubrir la música” hezkuntza programa ere burutu zuen. Gaur egun, haur eta gazteentzako ipuin musikadunak idatziz gozatzen omen du erretiroa. Album honetan, musikari eta obra honi gorazarre egiteaz gain, gizaki eta animalien arteko elkarrizketa ere iradokitzen digute egileek. Izan ere, protagonistak (orkestrako musikariak), animalia humanizatuak dira, mehatxupean dauden espezietakoak, hain justu. Musika tresnen hotsekin batera hasten dira agertzen eta musika in crescendo doan heinean geroz eta ikusle (humano) gehiago erakartzen dute, adin guztietakoak. Guztien artean ospatzen dute obraren lehertzerainoko amaiera eder hori: pozik, zoriontsu, elkarren beharraz ohartuko balira bezala, espezie guztien arteko lotura ospatzen ariko balira moduan, feminismoan ahizpatasuna esaten zaionaren antzerako elkartasun lotura iradokiz.
Federico Delicadoren ilustrazioek aipamen berezia behar dute. Izan ere, album ilustratu hau ez litzateke berdin irakurriko bere ilustrazioen ekarpenagatik ez balitz. Hainbat aldiz saritua izan den artista honek (Nazioarteko Compostela VII. Saria Icaro lanarekin, The Whiate Ravens eta IBBYren ohorezko zerrendetan aipatua, besteak beste), beste behin ere animaliak eta gizakiak nahasian aurkezten dizkigu lan honetan ere. Ur-margoz koloreztatutako irudiak dira, ederrak benetan. Tonu beroak (horiek ere musikarekin batera in crescendo doazenak) aukeratu ditu eta irudietan beste arte adierazpen bati keinu egiteko ere aprobetxatu du, besteak beste, ikusleen artean René Magritten The son of man obraren irudia elastikoan daraman ikuslea baliatuz, esaterako. Musikak, arteak, eta kulturak, oro har, salbatuko gaituztela iradoki nahi ote digute obra honekin egileek?