Hemeroteka


Compartir
2021-01-25

Liburu-gomendio bat astero

Haratago. Sortzailea: Liébana Goñi. Bululú, 2020.

Asun Agiriano

 

Gustatzen zait esploratzaile hitza. Azken aldi honetan hitzarekin bueltaka nabil. Ez al gara sarritan bizitzaren esploratzaileak? Gauza berrien ikerlariak? Liburuekin ere hala gertatzen zait. Liburu berri bat aurkikuntza liluragarria izan daiteke. Irakurketa desberdinek galdera berriak sor ditzakete, norberaren interpretazioa besteekin parteka daiteke eta besteen iritziek norberarena osatu dezakete. Haur literaturan esploratzaile sena zabalik badugu, balio handiko altxorrak aurkitu ditzakegu.

Hauxe da, adibidez, Haratago liburuaren kasua, artean murgiltzeko ezohiko liburua, artearen abentura deskubritzeko geltokia. Liébana Goñi da egilea, lehendik ezaguna genuen 2016ko Etxepare Sariaren irabazlea izan baitzen, Zerua grisa dago ilustrazio lanari esker. Liburu honetan, egile iruindarrak testuarekin, marrazkiekin eta artearekin jolasten du, egungo egoerari ere keinu egiten dio, ezohiko osasun krisia zeharka aipatuz: “[amonak] utzi gintuenetik aitonari ez zaio etxetik ateratzea asko gustatzen. Eta albisteek ez dute laguntzen”, dio haur narratzaileak kontakizunaren hasieran.

Protagonistak ikerketa bat egitea erabakitzen du, motxila hartu eta gauez kalera ateratzen da. Hasieran zeruko argi nimiñoak ikustera, gero lorategietan dauden landare, animalia ikaragarriak eta fruitu harrigarriak ikusiko ditu, eta dastatu. Emakume misteriotsu bat baino gehiago agertuko zaizkio, gaua epela da eta batzuk dantza zoroan ari dira. Labirinto baten aurrean azalduko da, galduta eta nekatuta sentituko da. Eguna argitzera doa, etxera itzultzeko ordua da eta aitonarekin gogoratzean hantxe agertuko zaio aitona bera.

Liburu honetan, museo batean egongo bagina bezala, ikuslea/irakurlea artista-esploratzailea bilakatuko da. Orrialdeetan agertzen diren margolanen eta artisten lanak aurkitzeko eta asmatzeko aukera izango du: Frida Kahlo-ren aurpegia agertuko zaio, Avignon-eko andereak dantzan ikusiko ditu eta Oteizaren Kutsa hutsa eskultura bistaratuko du bat-batean. Ibilaldia jarraituz, protagonista ausartak Henri Mattisse-n Dantza-tik Leonora Carrington-en Labirintoa zeharkatuko du. Andy Warhol-en Banana jango du eta Louise Bourgeois-en Ama armiarma erraldoian lo kuluxka bat egingo du.

Eta, horrela, gau misteriotsuan irakurle-esploratzaileak 17 artisten lanak deskubritzeko eta ezagutzeko parada izango du. Egileak modu bitxi eta sotilean erakutsiko digu artea artelanetatik sortzen dela.

Pena da esploratzaileak, ia bidaiaren amaieran, errata batekin topo egin izana, A Coruñako argitaletxe honek lehen aldiz euskarara ekarritako liburu eder honetan altatzen ageri baita aldatzen agertu ordez. Edozein kasutan, errata hori hartxintxa bat baino ez da bidaia honetan.

Zuk ere Haratago zer dagoen deskubritu nahi duzu? Aurrera, bada!