188tik irekia. Sortzailea: Pietro Gottuso. Pamiela / Kalandraka, 2020.
Miriam Luki Albisua
Hitzik gabeko albumak gure "debilidadea" dira. Besteak beste, hitz bakarra eman gabe hitz eginarazten dutelako. Hitzik gabeko album bat baino gehiago nabarmendu da azkenaldian eta horrek sortzaileen apustuaz gain, argitaletxeena ere agerian uzten du. Pietro Gottuso italiarrak 1880tik irekia obrarekin aurtengo album ilustratuaren XIII. Compostela saria irabazi zuen.
Beste behin ere, Pamiela etxeak eta Kalandrakak edizio ederra egin dute. Karratu formako liburua da –'Amets egiteko liburuak' bildumaren barrukoa–, babes-orriak txokolatearen pareko marroian eman dituzte irudirik gabe eta liburuaren barruko orrialde biek lauki luze-luze bakarra osatzen dute ilustrazio bakarra emateko eta, bide batez, pertsonaiak eta elementuak eskuineko noranzkoan beti, liburuaren gaiarekin bat egiten dute. Hemen gaia aurreratu beharrean gaude. 1880tik irekia albumaren gaia denboraren joana da.
Jarrai dezagun: ilustrazioek plano bera ematen dute, orriz orri eraldatzen doana. Eskuinean liburu-denda, ezkerrean merkataritza-lokal bat; bien artean, atari bat, atariaren gainean gizon bizardun baten maskara, harrizko eskultura bat da Erromako Boca de la veritá gogora ekartzen duena. Objektuak eta elementuak aldatzen doaz eta horrela kontatzen du Gottusok denboraren joana. 1880an hasi eta 140 bat urteko historia ematen du irudietan.
Liburu-denda da denboraren joanaren lekukoa. Bere eskuineko lokala aldatuz joango da –erabileraz gain, tipografiaren detaileak ere laguntzen du denboraren joana adierazten–, eta lokal horren eraldaketa erabakigarria da kontakizunean. Argia joan eta etorriko da kontatzen duen pasartearen arabera –nazien okupazioa urdin-berde ilunetan kontatuko du–, garraiobideak aldatuko dira –zalgurditik hasi eta hiriko auto ttiki modernoraino–, pertsonaien janzkerak eta imintzioak eraldatuko dira, maskarak agertuko dira –1918ko gripe espainiarraren harira–, uniformedun armadun gizonek gerrak ekarriko dituzte.
Eta pasadizo horietan guztietan liburu-dendak hor jarraituko du, eta atariaren gainean egiaren aho irekiak atsekabearen keinua egingo du eta begiak itxita izango ditu, irekitzen dituen arte... Azken detaile bat. Liburu-dendaren errotuluan Libreria hitza ageri da, azentu-markarik gabe, eskuineko lokala zertan bilakatu eta horren izena ere ematen da. Horiek dira liburuak dituen letra bakarrak eta editoreek, Gottusok egin bezala, italiarrez uztea erabaki dute.
Gure aldetik obra honek gordetzen dituen detaileen bila joan zaitezten gonbita luzatzen dizuegu eta, pantailaren beste aldean historia irakaslerik balego, ez galdu liburu hau ikasgelan erabiltzeko aukera!
Hitzik gabe ere, zenbat hitz sor daitezkeen irakurketa honen bueltan.