Dumitru biluzik. Idazlea: Koldo Izagirre. Erein, 2020.
Asun Agiriano
Atsegin dut helduen literaturako egile serioek haur eta gazte literaturari begiratzen diotenean, batzuek hizkuntza erregistro errazagoa erabiliko dute edo gai bigunetara joko dute. Ez da hori, ordea, Koldo Izagirre idazlearen kasua. Bere narrazioetan haur eta gazteek nozitzen dituzten klitxeetatik aldentzen da, eredu berriak proposatzen ditu, gizartearen arazoei buruz zer pentsa ematen digu, hizkuntzarekin jolas egiten du. Adibide garbiak dira Dumitru pertsonaiaren inguruan eraiki dituen bi narrazio laburrak: Dumitru (Erein, 2014) eta Dumitru biluzik (Erein, 2020).
Dumitru errumaniar euskalduna da eta bere idatzietan hizkuntza askatasunez erabiltzen du; adibidez, hitz propio eta bitxiak asmatzen ditu. Idazlea eguneroko egituraz baliatzen da protagonista gazte honen sentimenduak eta zalantzak jasotzeko, pasarte laburrak dira: Olatz neska-lagunak sortzen dizkion sentimenduak bilduko ditu, institutuko maisu Maxek esandakoak, familia arteko harremanak, bere amaren ausentzia eta Danubio bazterreko sorterriak eragiten dizkion gogoetak. Berba eta pentsamendu horiek jasotzen ditu Dumitruk datarik gabeko egunerokoan.
Koldo Izagirreren liburuak erronka dira irakurlearentzat, egia eta fikzioa borrokan jartzen ditu pieza desberdinak batu eta elkartzearen lana gure esku utziz. Zure erabakia da, gazte, papila bat murtxikatzea edo xehetasunez prestatutako janari bat dastatzen saiatzea.