Hemeroteka


Compartir
2020-11-09

Liburu-gomendio bat astero

Hurbil. Idazlea eta ilustratzailea: Natalia Colombo. Itzultzailea: Fernando Rey. Kalandraka, 2008.

Miriam Luki Albisua

Hurbil haur txikiei zuzendutako album ilustratua da, eta nik ere haur txikia izan nahiko nuke. Lehenengo Compostela Album Ilustratuen lehiaketa irabazi zuen, 2008an, Natalia Colombo argentinarrak lan honekin. Idazle eta ilustratzaile lanak betetzen ditu diseinuak ere zeresana duen lan honetan. Izan ere, berariazko tipografia sortu zuen –makil formakoa– eta ilustrazioek pinturatik eta collage-tik edaten dute. Liburu honetan denak du garrantzia.

Ahate eta untxi baten istorioa da, fabula bat non beste zerbait kontatu nahi den istorio beraren bitartez. Elkarrengandik oso hurbil bizi dira ahatea eta untxia eta egunero gurutzatzen dira lanerako bidean. Gurutzatzen diren une hori hurbileko plano batean ematen digu Colombok, agian elkar ikusten ezta agurtzen ere ez dutela argi eta garbi erakusteko. Egunerokotasuna adierazteko, aldiz, kontrakoa egiten du, siluetarik gabeko karratuetan eszena txikiak ematen ditu bi orrialde zabaletan. Gurutzatzen dira euria zarra-zarra botatzen duen egunetan eta eguzkiak gogor jotzen duen egunetan ere bai, eta ez du ematen untxia ezta ahatea ere pozik daudela nork bere etxeko atea ixten duenean. Animalion erritmoak eta emozioak eta espazioak aldatuta ere, ezer ez da aldatzen: agurrik ez dago, agurraren ordez marra horizontalak daude.

Liburuaren hitzek irudiekin bat egiten dute. Hitz gutxitan esaten du esan nahi duena, izan ere, fabula hau metafora bat da. Hain zuzen, inkomunikazioarena. Jarri zeu untxiaren eta ahatearen tokian, eta ezaguna egingo zaizu. Eta ez, Colombok ez ditu ahatea eta untxia elkartuko, albumak ez baitauka amaiera zoriontsurik, baina atea ez du danbateko batez itxiko, baldintzan jokatutako aditz batekin baizik.

Hurbil haur txikiei zuzendutako album ilustratua da, eta nik ere haur txikia izan nahi nuke norbaitek ni magalean hartu eta ipuina ahots goran irakurtzeko, eta irakurri bitartean untxiaren buztana seinalatuko balu, irribarrea loratuko litzaidake eta guardei erreparatuko balie... Orduan, untxia eta ahatea elkarri begira eta elkar ikusten topatuko nituzke, ttiki.