Hemeroteka


Compartir
2020-11-02

Liburu-gomendio bat astero

Istorioen zooa. Idazlea: Gianni Rodari. Ilustratzailea: Maite Mutuberria. A fin de cuentos, 2020.

Asun Agiriano

Maite Mutuberriaren ilustrazio lana ikustea beti da pizgarria, erronka handiak jartzen dizkio bere buruari, bestela, ikusi Lohia liburua. Ikaragarria da sormen lan berezi honetan barneko zaurietan arakatzen jartzen duen indarra. [Mutuberriari Gara egunkarian obra horren inguruan egindako elkarrizketa irakurtzeko sakatu hemen]

Oraingoan ere, bere marrazki iradokitzaileen eskutik, Gianni Rodariren ipuinak gozatzera eraman gaitu. Idazle, kazetari eta pedagogo italiarra orain 100 urte jaio zen, urriaren 23an. Hala, aurten haurrentzako kontakizunen asmatzaile handiaren urteurrena ospatzeko, argitaletxe desberdinetan hainbat liburu kaleratu dira, esaterako, A fin de cuentos argitaletxe bilbotarrak plazaratu duena: Istorioen zooa.

Riccardo eta Giacomo lagunek gaua zoo batean igarotzeko erronkari aurre egin nahi diote. Han, gau osoan zehar, Dunbo elefante onberak zenbait istorio kontatuko die:  elefanteek tronparik ez zuten garaikoa, gizakiak oihanean bizi zirenekoa, katua animalia sakratua zenekoa, untxia erregea zen arokoa… Horrela, bada, sei ipuin biltzen dira zooaren aterkian. Argitaletxe ehiztariak amua bota digu eta gu, irakurleok, sarean erori gara.

Baleek biltzarra egingo dute irudi zoragarri batean eta Lia gazela marrazkilari trebearen pintzeletan dotoreena da. Animalia eta gizakien edo belarjale eta haragijaleen artean bakea sinatu arte zooak babesa eskainiko die animaliei. Bakeak ekarriko omen du askatasuna, dio Rodarik.

Amaiera horren zain daudela bukatuko da liburua. Fantasia eta irudimena haurren heziketarako tresna gisa aurkeztea oso rodariarra da. Zorionekoak gu, Rodari eta Mutuberria elkarrekin liburu xume bezain handia izateko aukeragatik.