Hemeroteka


Compartir
2020-10-19

Liburu-gomendio bat astero

Joemak eta polasak. Idazlea: Iñigo Astiz. Ilustratzailea: Maite Mutuberria. Elkar, 2019.

Mikel Ayerbe

2010. urtea zen Iñigo Astizek aurreneko aldiz haur eta gazteentzako Zortzi poema berri argitaratu zituenean Behinola aldizkariko 21. zenbakian. Poema multzo murritza izanagatik (hainbat instrukzio poetiko, kaligrama bat, hitz-joko absurdoak eta errimak...), gero etorriko zenaren ernamuina ere hantxe aurkitu daiteke. Bertan zeuden jada, 2020ko Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria eskuratu berri duen Joemak eta polasak liburuko hainbat poemen lehenbiziko bertsioak: “Katua pianoan”, “Karakolarena” eta “Botila itsasoan”, hain zuzen.

Iñigo Astizek idatzi eta Maite Mutuberriak ilustratuta, Joemak eta polasak liburua izenburuak iragartzen duen horixe bera da, poema jolastiak eta, are gehiago, jolaserako gonbita diren poemak. Poema laburrak dira eta idazketarako, irudimenerako eta jolaserako instrukzio poema batek irekitzen du liburua. Irakurleari zuzen-zuzenean eta itzulingururik gabe hitz egiten diote poema askok, sarritan tranpaz beteriko erronkak eta igarkizunak proposatuz; eta, batez ere, irakurleari igarkizunen formulak eta hitz-jokoen dinamikak bereganatzeko bitarteko guztiak eskainiz. Ez da ausazkoa bigarren poema esploratzailearena izatea; irakurlea ere hitzen eta irudien esploratzaile bihurtzen baita, liburuan ezkutatzen diren aurkikuntza guztien xerka. Eta ez soilik poemen edukiari dagokionean, poemen egituraketa formala ere jolas hutsa baita askotan. Horri guztiari ilustrazioek banaka zein elkarrekin harremanetan jarrita duten indarra gehitu behar zaio. Liburuaren edizioaren kalitate zaindua ahaztu gabe, noski.

Joemak eta polasak liburuko ale asko eta asko metapoema jostari gisa izendatu daitezke; hau da, poema bera bihurtzen da poemaren gai, jolaserako tresna eta helburu nagusi: “Puskak”, “Lainoa”, “Tinta”, “Kontrako norabidean”, “Eltxoa”, “Garbi” eta beste hainbatetan bezala. Badira poema kakofoniko dibertigarriak, “katu nekatu eta kakatua nekakatua”-rena kasu, edota “Zonbiak” eta “Jakintsua” poemetako onomatopeia jolasak. Baita poema narratibo edo ipuin poetikoak ere, “Ñan”, “Behia” eta “Duelua” poemen gisara. Badaude, gainera, poema “poetikoagoak” ere, “Bidaia”, “Botila” eta “Hondar alea” bezalakoak, esploratzaileak aurkituko dituen altxorrak bezalakoak direnak, nahiz eta aurkikuntza nagusiena, zinez, irakurleari ikuspuntu poetikoa garatzeko lagungarri izatea izan. Besteak beste, poemen artean sortzen diren ispilu jokoekin. adibidez.

Ispilu jolas horiek, gainera. ilustrazioetan ere aurkituko ditugu. Esploratzailea eta arkakusoa bidaide bilakatzen dira marrazki-orriotako espedizioan, edota labirinto bateko igogailuan aurkituko ditugu ondorengo poema batean topatuko ditugun pertsonaiak. Poema bakoitzak bere ilustrazio propioa du baina badira bi orritara hedatzen diren eszena koloretsu zoragarriak ere, ur-margo, tinta zein irudi eta hizkiekin eginiko jolasak.

Azken batean, Astiz eta Mutuberria poema burbuilen artistek lortu egin baitute irakurlearen begi eta gogoan iraungo duten poemak eta jolasak sortzea Joemak eta polasak honetan. Eta adibide gisa, hona hemen kontrazaleko poemaren bariazio egokitua:

Ei, ei, aizu,

irakurri liburu hau azkar.

 

Elurra has du hemen

et malutaz-maluta

Barr ko oemak

des g rtzera doaz!

 

Ei, ben tan

ir k rri lib ru ha . A k r!

 

Lore Agirrezabalek Gara-n Joema eta Polasak liburuaz idatzitako kritika irakurri nahi baduzu sakatu hemen.