Hemeroteka


Compartir
2020-05-18

Liburu-gomendio bat astero

Kaleko ateak gero eta irekiago, gure gomendioa egunero egin beharrean astean behin egingo dugu aurrerantzean. Zuhur jokatu eta gozatu!

Errusika. Idazlea: Mariasun Landa. Ilustratzailea: Jesus Lucas. Elkar, Xaguxar, 1992.

Asun Agiriano

Mariasun Landa oso ezaguna da haur eta gazte literaturan. Azken urteetan idatzi dituen liburuek oihartzun handia izan dute, halere, nik gogoan dut oso aspaldi irakurri nuen Errusika liburua. Gaur egun Elkar argitaletxeko Xaguxar bilduman argitaratuta dago. Etxean dudan liburua, baina, garai bateko Txanpa izenekoan kaleratu zen, 1988.urtean idatzitako obra. Istorioa ilustratzen Jesus Lucasen marrazki fin eta adierazgarriak ditugu, zuri-beltzez eta trazu dotore eta jostalariz. Gaztelaniara egin zen itzulpenean, aldiz, Asun Balzolarenak ikus daitezke.

Eta zergatik da berezia Errusika ipuina? Ausardiaren inguruan idatzitako kontakizun xumea delako eta, baita ere, protagonista arkakusoa delako, bai horixe! Gutxi gorabehera bi aste bizi ohi diren animalia baten bizipozak jasotzen dira bertan. Izenburuaren ondoan irakurleak informazio gehiago jasotzen du: “Nola arkakuso txiki bat dantzari famatua izatera iritsi zen”.

Liburuak Errusiara iritsi nahi duen arkakusoaren abenturak kontatzen ditu, izaeraz desberdina da eta besteen kontura bizitzea ez zaio bizimodu interesgarria iruditzen, zeren Errusikak artista izateko jaio dela pentsatzen baitu.

Hasieran inguruko animalien barreak eta trufak nozituko ditu. Txakurrak, adibidez, esango dio: “Saltotxoak egitea dantzarekin nahastu duzu”. Azkenean, ikusirik arkakusoak irmo defendatzen duela bere bokazioa, ez dela txolina ezta inozoa ere, denek hari laguntzea erabakitzen dute.

Kontakizunak –orduan eta orain ere badiren– ideia ausartak jasotzen ditu. Hona ale batzuk: “Zure etorkizuna zeurea da eta ez zure gurasoena” edo “ Errusika jauzi handia emateko prest zegoen. Bere esperientzia guztia ordu batzuetakoa bazen ere, edozeinek baino bizitza intentsuago izan zuela esan dezakegu: jaio, gurasoengandik independizatu, lagun min bat lortu eta desio grinatsua zer den ezagutu”.

Asmoa bete ote zuen ez dugu hemen argituko, amaierako esaldian baina Errusikaren gogoeta hau irakur daiteke, liburuaren gaia borobilduz: “Errusika konturatzen hasia zegoen helburu baten atzetik bizitzea askoz dibertigarriagoa dela helburua bera lortzea baino”.

Arkakusoa gure baitan lozorroan dagoen esperantza saltariaren metafora da, Mariasun Landak adierazten digu dantzan hasteak merezi duela. Gure bizitza, arkakusoarenaren antzera, laburra delako denbora alferrik galtzen ibiltzeko eta ausardiaz jokatzea gomendatzen digu. Ez da, lehen eta orain ere, gogoan izateko kontua?