Hemeroteka


Compartir
2020-10-19

Liburu Gaztean parte hartuko duten ikastetxeetako irakasleek booktrailer lantegia jaso dute

Urriaren 14an, Tabakalerako Kutxa Kultur espazioan bildu ziren Liburu Gaztea Book Trailer lehiaketara aurkeztu diren hainbat ikastetxeetako irakasleak. Goiz batez, kamarak aurrean eta ordenagailuak esku artean zituztela, lau orduko ikastaro teoriko-praktiko bat jaso zuten.

Urtero, Book Trailer lehiaketari lotua antolatzen da halako lantegi bat irakasleentzat. Ikasleekin liburuak irakurri, landu eta trailerrak prestatzeko gidoiak idazten hasi aurretik, lagungarria izan ohi da trailerren inguruan hitz egitea, grabaketa aholkuak jasotzea edota bideo edizioan trebatzea. Halaxe diote behintzat lehiaketaren edizio ezberdinetan lantegi hauetara gerturatu izan diren irakasle guztiek. 

Aurtengo lantegian, ohi bezala book trailer ezberdinak ikusi, ideiak bildu eta grabaketa aholkuak jasotzeaz gain, edizio programa berri bat ezagutu eta kuxkuxeatzeko aukera eduki zuten bertaratutakoek. Horrela, Openshot erabilera libreko edizio programa zabaldu zuten ordenagailuetan eta trailer baten hasiera izan zitekeen pieza eraiki zuten fotograma eta efektu ezberdinak erabiliaz. 

Orain ikasitakoa ikasleei helarazi eta praktikara eramatea besterik ez zaie geratzen. Zein trailer ikusgarrirekin etorriko zaizkigu aurtengo lehiaketan izena eman duten 28 ikastetxeetako gazteak? Martxoan ikusiko ditugu emaitzak!