Hemeroteka


Compartir
2008-09-01

Liburu Gazteak eta Idazle Gazteak: aurtengo irabazleak eta hurrengo urteko hautagaiak

Ekitaldia eguerdiko 12:00etan hasi zen, iragarri bezala. Bertaratu ziren ikasleek sorpresa handia eraman zuten Anjel Alkain, Gorringo Antzerki Taldeko kide eta aktore ezagunak harrera egin zienean. Ondoren, bideo baten bitartez jakin ahal izan zuten ikasturte honetan irakurri dituzten liburuen artean zein izan diren 2007-2008 ikasturteko Liburu Gaztea irabazleak:

DBH-1eko saria  Georgia Bynek idatzi eta Jesus Mari Lasak itzulitako Molly Moon eta hipnotismoko liburu miragarriak irabazi zuen. Eta bertan zen Jesus Mari Lasa saria jasotzeko. DBH-2ko irabazlea Miren Agur Meabe izan zen, iaz Euskadi Saria jaso zuen Urtebete Itsasargian lanarekin. DBHko 3. mailako Liburu Gazte irabazlea Jordi Sierra i Fabrak idatzi eta Miren Arratibelek itzulitako Anaren bakardadea izan zen. Saria Iñaki Aldekoa Erein argitaletxeko kideak jaso zuen. Eta azken saria, DBHko 4. mailari zegokiona Xabier Olarrak jaso zuen, Mark Haddon-ek idatzi eta berak  itzulitako Txakurrari gauean gertatutako istripu bitxian egindako lanagatik. Azken hau jakinaraztean, barreak entzun ziren bertaratu ziren gazteen artean.

Geroago jakin genuen zein izan zen Kataluniara eta Zaragozako Expo Erakusketara 5 egunetarako bidaia irabazi duen ikastetxea: hain zuzen, Zurriola Ikastolako ikasleek irabazi dute, eta ekitaldian zen bidaian joango diren ikasleen taldea. Eurek egin zuten barre Xabier Olarrak itzulitako lana irabazle suertatu zela jakin genuenean. Ez duguna oraindik asmatu da zergatik egin ote zuten barre. 360 euroko bonoen irabazleak berriz, Nuestra Señora de Aranzazu Ikastetxea eta Villabonako Jesusen Bihotza Ikastola izan ziren.

Idazle Gazte irabazleak hizketan entzun ahal izan genituen ondoren, aurrez Digitalak enpresak burututako grabaketen bitartez. Irabazle bakoitzaren berri izan genuen bertan, zergatik idatzi zuten, nolako ilusioa egiten zien saria irabazteak... agertu ziguten. Eta ondoren, saria jasotzera igo ziren guztiak. Hauexek izan ziren irabazleak:

- Narrazioa A Kategorian: 1go saria Arantzazu Aizpuruak, 2. saria Leire Lopetegik eta 3. saria Maitane Zaratek irabazi zuten. Lehenengo biak La Salle Berrozpekoak, hirugarrena berriz, Peñaflorida Institutukoa.
- Narrazioa B kategorian: 1go saria Iñigo Hernandezek jaso zuen, bigarrena Oihane Uitzik eta hirugarrena Udane Arbelaitzek. Lehenengoa La Salle Berrozpetik etorritakoa, beste biak Haurtzaro Ikastolakoak.
- Poesia A kategorian: Nahia Madinabeitia gailendu zen, ondoren, Leire Ganzarain eta hirugarren saria Irati Rivasek jaso zuen. Hirurak La Salle Berrozpetik etorriak.
- Poesia B Kategorian azkenik: Aita Larramenditik etorritako Iker Lizeagak jaso zuen lehenengo saria; bigarrena Olatz Retegik eta hirugarrena Oihane Isasak. Azken biak Haurtzaro Ikastolako ikasleak direlarik.

Lehenengo saria irabazi duten guztiak bidaian doaz Kataluniara, Liburu Gazteako zozketaren ondorioz, bidaian doan Zurriola Ikastolako ikasle taldearekin batera. Besteek liburu eta diskoak erosteko bonoak irabazi dituzte.

Zein dira datorren urteko hautagaiak?


2007an 12 eta 16 urte bitarteko gazteentzat euskaraz eta lehenengo aldiz argitaratutako liburu guztiak irakurri ondoren, Galtzagorriko aditu talde batek prest ditu datorren ikasturtean berriz ere burutuko den Liburu Gaztea lehiaketarako hautagaiak.

Hauexek dira Liburu Gaztean datorren urtean parte hartzen duten ikasleek irakurriko dituzten lanak, DBHko mailaz maila :


- DBH-1erako:
Bideak, aldapak eta bihurguneak. Juan Luis Zabala. Elkar

Etzi. Karlos Linazasoro. Elkar

Hegoaldera. Manuel L. Alonso. Itz.: Jose Antonio Sarasola. Ibaizabal

 

- DBH 2rako:
Bidelapurrak, matxinoak eta kutun estimatua. Migel Angel Mintegi. Ibaizabal

Ilunorduak eta argilaurdenak. Joxantonio Ormazabal. Elkar
Kaio baten historia eta hegan egiten irakatsi zion katuarena. Luis Sepulveda. Itzultzailea: Jesus Mari Mendizabal. Alberdania

- DBH-3rako:

Pol eta Val. Josetxo Orueta. Itzultzailea: Joxean Sagastizabal. Pamiela
Pellot eta Enperadorearen bahiketa. Iñaki Mendizabal. Ibaizabal
Hitzak ogiaren truke. Blanca Alvarez. Itzultzailea: Aitor Arana. Ibaizabal

- DBH-4rako:

Pijama marradunaz jantzitako mutikoa. John Boyne. Itzultzailea: Mirentxu Larrañaga Sueskun. Alberdania
Sommer jaunaren istorioa. Patrick Süskind. Itzultzailea: Lourdes Oñederra. Erein Bagdadeko aurpegiak. Juan Kruz Igerabide. Erein

Idazle Gaztea: Datorren urterako aldaketak

Datorren urteko Idazle Gaztean zenbait berrikuntza egingo ditugu. Izan ere, programa honen funtzionamendua hobetzea da Galtzagorriren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren asmoa.

Bi dira lehiaketa honetan egingo diren aldaketa nagusiak:

 1) Batetik, lehiaketan parte hartzeko gai edo ideia batzuk proposatzen dizkizuegu datorren urterako ikasleei. Narrazioan nahiz poesian parte hartzen duten ikasleek, Idazle Gazteako oinarriekin batera helaraziko ditugun gaiak hartu beharko dituzte oinarri lanak idazterako garaian. Lehenengo aldiz egiten dugu saiakera hau. Gure helburua ikasleak idaztera animatzea da eta aldi berean, horretarako gai berriak nolabait proposatzea.

 2) Bestetik, datorren ikasturtetik aurrera hautaketa batzordea izango da kategoria bakoitzeko hiru lan irabazleak aukeratzeko ardura hartuko duena. Orain artean bezala, kategoria bakoitzeko 10 lan onenak hautatu eta web gunean zintzilikatuko dira, baina 3 irabazleak ere hautapen batzorde horrek berak aukeratuko ditu. Ikasleek bozketa egiten jarraitzeko aukera izango dute, baina hurrengo ikasturtetik aurrera, kiniela moduan egingo dute: hau da, kategoria bakoitzean euren ustez lan irabazlea zein izango litzatekeen adierazi beharko digute web gunean egindako bozketaren bitartez.

Ondoren, kiniela asmatzen dutenen artean, 3 liburu-disko lote zozketatuko dira.