Hemeroteka


Compartir
2015-06-14

Liburu Gaztea lehiaketako sari-banaketa ekitaldia astelehenean

Ekainaren 15ean, banatuko dira Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketako sariak. Ekitaldia Donostian izango da, goizeko 11:00etan Koldo Mitxelenea Kulturunean eta streaming bidez ikusi ahal izango da KMK Zuzenean web gunean.

Bertan izango dira Galtzagorri Elkarteko presidente Iñaki Markotegi eta Gipuzkoako Foru Aldundiko funtziotan den Euskara zuzendari Zigor Etxeburua; lehiaketa antolatzen eta laguntzen duten bi erakundeen izenean.

Horrez gain, ikasturte honetan lehiaketan irakurgai izan diren liburuen egile eta editoreak ere izango dira ekitaldian. Besteak beste, Mirentxu Larrañaga Sueskun itzultzailea (Pijama marradunaz jantzitako mutikoa), Aitor Arana idazlea (Maitasun sua) eta Antxine Mendizabal editorea (Elkar).

Guztira, bost sari banatuko dira. Ikastetxeen kategorian bi multzo egin ditugu aurten eta multzo bakoitzeko sari bana emango da: DBH1-2 multzoan bat, eta bestea DBH3-4 multzoan. Norbanakoen kategorian, berriz, maila guztiak zaku berean sartu ditugu eta sari bakarra emango da, book trailerrik onenarentzat. Ondoren, Publikoaren sariak ere izango dira.

Horiek boto bidez erabaki ditu publiko zabalak: sari bana kategoria emango da bakoitzeko (Ikastetxeak/Norbanakoak).

Ekitaldia Idoia Noble itzultzaile, interpretari eta aurkezleak gidatuko du.

Sari nagusiak

Ikastetxeen kategorian, DBH1-2 multzoan Maj3 taldea izan da garaile, Pijama marradunaz jantzitako mutikoa (Alberdania, 2007) liburuaren book trailerrarekin. Bergarako Mariaren Lagundia ikastetxeko DBH1eko ikasle taldearentzat, hortaz, sari nagusietako bat.

Kategoria honetan, baina, DBH3-4 multzoan, Platano moreak taldearen lana (Maitasun Sua liburuari buruzko book trailerra) izan da onena epaimahaiaren iritziz. Talde hau ere Bergarako Mariaren Lagundia ikastetxeko DBH3ko ikasle talde batek osatzen du.

Norbanakoen kategorian, berriz, Loretxoak taldearentzat izan da saria. Zuhaitzak landatzen zituen gizona (Denonartean, 2013) liburuari buruzko lanarekin irabazi dute.

Publikoaren Saria

Ikastetxeen kategorian Azaloreak taldeak irabazi du 32 botorekin eta Norbanakoenean ILUMINATIAK taldeak 19 botorekin. Guztira, 354 boto bildu dira, 242 Ikastetxeen kategoriako book trailerrek jaso dituzte eta 112 Norbanakoen kategoriakoek.

Azaloreak taldeak Patxi Zubizarretaren Atlas sentimentala (Alberdania, 1998) liburuari buruzko book trailerrarekin irabazi du. ILUMINATIAK taldeak, berriz, Joanes Urkixoren Gerlari zuria (Elkar, 2003) liburuaren book trailerrarekin lortu du saria.

Biek ala biek, Ezinbestekoak liburu zerrendatik hautatu dute irakurgaia. Izan ere, beste edizioetan bezala, honetan ere iaz Euskarazko Gazte Literaturan argitaratu ziren liburuen artetik DBHko maila bakoitzerako titulu bana proposatu genuen, baina horrez gain, parte hartzaileek Ezinbestekoak izeneko zerrendatik ere hauta zezaketen liburua. Zerrenda hori, hain zuzen, hainbat literatur adituren proposamenekin osatua da eta orain arte euskaraz Gazte Literaturan argitaratu diren libururik onenak biltzen ditu.

Bozketan parte hartu dutenen artean zozkatutako e-readerra, berriz, Urko Arosari egokitu zaio.

Sari-banaketa ekitaldian izango dira aurten irabazle hautatu dituzten book trailerren egileak.