Hemeroteka


Compartir
2021-10-15

Liburu Gaztea lehiaketako booktrailer lantegian izan dira irakasleak

Urriaren 14an, Lasarte-Oriako Berritzegunean bildu ziren Liburu Gaztea Book Trailer lehiaketara aurkeztu diren hainbat ikastetxeetako irakasleak. Goiz batez, kamarak aurrean eta ordenagailuak esku artean zituztela, lau orduko ikastaro teoriko-praktiko bat jaso zuten.

Urtero, Book Trailer lehiaketari lotua antolatzen da halako lantegi bat irakasleentzat. Ikasleekin liburuak irakurri, landu eta trailerrak prestatzeko gidoiak idazten hasi aurretik, lagungarria izan ohi da trailerren inguruan hitz egitea, grabaketa aholkuak jasotzea edota bideo edizioan trebatzea. Halaxe diote behintzat lehiaketaren edizio ezberdinetan lantegi hauetara gerturatu izan diren irakasle guztiek.

Aurtengo lantegian, ohi bezala book trailer ezberdinak ikusi, ideiak bildu eta grabaketa aholkuak jasotzeaz gain, edizio programa bat ezagutu eta kuxkuxeatzeko aukera eduki zuten bertaratutakoek. Horrela, Openshot erabilera libreko edizio programa zabaldu zuten ordenagailuetan eta trailer baten hasiera izan zitekeen pieza eraiki zuten fotograma eta efektu ezberdinak erabiliaz. Orain ikasitakoa ikasleei helarazi eta praktikara eramatea besterik ez zaie geratzen.

Bestalde, ideia berriak sortu ziren hurrengo edizioetan trebatzen jarraitzeko, hala nola mugikorretako edizio programak ezgautzeko proposamena. Hurrengoan horri ekingo diogu!

Baina, aurten, zein trailer ikusgarrirekin etorriko zaizkigu aurtengo lehiaketan izena eman duten 29 ikastetxeetako gazteak? Martxoan ikusiko ditugu emaitzak!