Datorren ostiralean, irailaren 24an, bukatuko da Liburu Gaztea Book Trailer lehiaketan izena emateko epea.
Oraindik zalantzak dituzu? Hemen dituzu 10 ARRAZOI gazteen irakurzaletasuna sustatzeko gipuzkoa mailan egiten den ekimen bakarrean parte hartzeko:
1- Gure gazteengana IRISTEKO: XXI. Mendeko natibo digitalak irakurketara zaletzeko, ikus-entzunezkoak eta teknologia berriak erabiltzea ezinbestekoa delako.
2- Irakasleak FORMATZEKO: irakurketaren sustapenean, gazteentzako liburuetan, ikus-entzunezkoen erabileran, book trailerrak egiteko teknika ezberdinetan.
3- Helburuak LORTZEKO: urtez urte parte hartu duten ikastetxeek aitortu digute gazteak irakurzaletzeko balio duela, funtzionatzen duela.
4- Euskararen erabilera SUSTATZEKO: Euskarazko liburuen inguruko Euskarazko book trailerrak egingo dituztelako eskolan.
5- Irakasleei lana ERRAZTEKO: urtez urte euskaraz argitaratutako liburu onenak erakutsiz eta horiekin egin daitekeen lanketa proposatuz, unitate didaktikoen bidez.
6- Gazteen ahotsa ENTZUTEKO: liburuen gomendatzaile bihurtzen ditugulako. Zer gustatzen zaien esaten digutelako.
7- Liburuen gaineko bideoak SORTZEKO: Euskarazko liburu bat irakurtzeaz gain, horren gaineko lan sortzaile bat bideratu behar dutelako
8- Parte-hartze malgua ONARTZEN duelako:
• Ez dute zertan ikastetxeko maila guztiek parte hartu behar, ezta maila bereko gela guztiek ere.
• Ez da derrigorrezkoa gelako kide guztiek parte hartzea. Ikastetxeen kategorian lehiaketan parte hartzeko, ikastetxe bakoitzak book Trailer bakarra bidaltzearekin nahikoa da berez.
• Saiatu arren, zailtasunak izan dituelako ikastetxeren batek ez badu lehiaketara book trailerrik aurkezten, ez da ezer gertatzen: hurrengo urtean, hobeto aterako da.
9- Gizarte kritikoa sortzen LAGUNTZEKO: gazteak irakurtzen zaletzen baditugu, etorkizuneko gizarte kritiko eta sortzailearen hazia landatzen dugulako.
10- Eta gainera, sari bikainak IRABAZTEKO: parapente saltoak, belaontzian irteerak, tirolina, liburu eta diskotan gastatzeko bonoak, e-readerrak…
Eta orain... Zalantzarik geratzen zaizu? Dagoeneko ez baduzu izen emate inprimakia bete, anima zaitez! Ea aurten iazko marka eta kalitateari eusten diogun!
Sartu jarrian duzun loturan eta beteta bidali irailaren 24a baino lehen.
Irakurri, sakatu rec eta parte hartu! Tra, tra! Trailerrak grabatzera!